Lau musika-talde eta sei artistaren lana autortu dabe VII. Musika Bulegoa Sariek
2023-05-17 09:17 MusikeaOreka TX, Merina Gris, Su ta Gar, Neomak, MICE, Ines Osinaga, Teresa Catalán, Enrike Solinís, Elena Setién eta Kepa Junkerak jaso ditue sariak.
Errenteriako Lekuona Fabrikan, Euskal Herriko Musika Bulegoak euskal musika panoramako urteko proiekturik esanguratsuenak saritu ditu. Danetara, 10 sari emon dira: Epaimahaiak emondako zortzi, Etxepare Institutuak emondako bat eta EHMBEko zuzendaritza batzordeak emoten dauen ohorezko saria.
Euskal musikearen aniztasunaren isla izan da Lekuona Fabrikako aretoan bizitakoa, Amaia Ispizua, EHMBEko ordezkariak azpimarratu dauenez, genero, erritmo eta doinu mueta ugariren ordezkari baitira aurtengo saridunak.
Ekitaldian izan dira, besteak beste, Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua; Mari Jose Telleria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Diputadua; Mikel Etxebarria, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultur Ekintzako Zerbitzuko burua; Marije Etxaniz, babesle nagusi izan dan Laboral Kutxako komunikazino-zuzendaria; eta Irene Larraza, Etxepare Institutuko zuzendaria. Dozenaka musikari, produktore, manager, programatzaile, kazetari eta musikazale be presente izan dira.
Sariak emoteko Euskal Herriko artista eta taldeek igaz sortutako 120 musika-proiektu eta proposamen aztertu ditu musikagintzan adituak diran zortzi personak, hain zuzen be, zortzi sari ebatzi ditu aditu-talde honek. Sarien zazpigarren edizino honetako saridunak ondokoak izan dira: Merina Gris, Su ta Gar, Neomak, MICE, Ines Osinaga, Teresa Catalán, Enrike Solinís eta Elena Setién.
Etxepare Euskal Institutoak, barriz, euskal musika mugaz kanpo, nazinoartera, zabaltzeko egindako lana autortzen dau urtero eta, esangura horretan, aurten, Oreka TX taldeak jaso dau errekonozimendu hori.
Aitatutako bederatzi proiektu horreetako bakotxak, 2.000 euroko diru-saria eta Fernando Mikelarena artisteak diseinautako eskultura bana jaso dabe.
Euskal Herriko Musika Bulegoa Alkarteko zuzendaritza-batzordeak ohorezko sari berezia be emoten dau urtero eta aurten, Kepa Junkerak eroan dau saria etxera, Euskal kulturea eta euskerea nazinoartera modu barritzailean eroateagaitik, trikitixearen erritmoa, instrumentu eta estilo barrietara egokituz. Modu honetara, trikitilari bilbotarraren ibilbide oparoa bera be goraipatu nahi izan dau EHMBEk, 30 disko baino gehiago argitaratu baititu ibilibide emonkorrean. Hunkituta eta eskerrak emonez jaso dau saria Kepa Junkerak.
Afrika Bibang eta Jon Gomezek gidatutako sari-banaketa ekitaldia bera mamitsua izan da. Autortutako talde batzuk zuzeneko kontzertua eskaini ditu, hain zuzen be, Oreka TX, Elena Setién, Enrike Solinís eta Ines Osinagaren doinuak entzun ahal izan dira. Segidan DJ Inesek girotutako koktelaz gozau ahal izan da.
Sarien erdia, emakumeentzat
Datu interesgarriak itxi ditu 2023. urteko Musika Bulegoa Sarien 7. edizinoa. Genero ikuspegitik, aitagarria da hamar saritik bost emakumezkoentzat izan dirala. Nabarmen igon zan igaz emakumeen proposamen kopurua, erdira, eta aurten be konfirmau da genero arrakala hori txikitzen doala; lanen % 42tan izan da emakumeen lidergoa.
Musika estiloari jagokonez, 10 proposamenen artetik hiru pop-rock estilokoak izan dira. Klasikoa, folka, jazza, musika elektronikoa, estiloen arteko fusinoa eta bestelakoak. Euskerea be indartsu azaldu da lanotan (% 70).
Zazpigarren edizino honetarako, Laboral Kutxaren, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundietako Kultura Sailaren, Etxepare Euskal Institutuaren, Errenteriako Udalaren eta Sympathy for the Lawyer erakundearen babesa jaso dau Musika Bulegoa alkarteak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!