Martxan da Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim Museoen 'Basque Artist Program'

Bizkaie! 2023-05-17 08:47   Kulturea

Interesdunek oinarriak ikusteko eta bagilaren 30era bitartean izena emoteko aukerea dabe hemen.

Ekimenari esker EAEko artista bik New Yorken egonaldia egiteko programearen bederatzigarren deialdiak dakarren egonaldia udagoienean egingo da eta hautagaitzak Museoaren webgunearen bitartez aurkeztu daitekez datorren bagilaren 30era bitartean. Hurrengo fasean, aurkeztutako hautagaitza eta material guztiak aztertuko ditue museo bietako arte-ardura taldeek.

Aurten bi izango dira New Yorken lau astez egoteko aukerea izango daben EAEko artista hasibarriak eta eurekaz batera joango da Claudia Lorenzo be, 2022ko deialdian parte hartzeko aukeratu eben hautagaietako bat, igaz ezin izan baiteban joan. Partaideek gertutik ezagutu ahal izango dabe uriko arte-giroa eta euren gaitasunak indartzeko eta helburuak finkatzeko aukerea be izango dabe. New Yorkeko arte-munduan dabizen artisten, arte-arduradunen eta erakundeen jardunaren barri izango dabe Solomon R. Guggenheim Museum-eko profesionalen eskutik.

Programea 2023ko zemendiaren 15etik abenduaren 15era lau astetan programamautako jarduerek osotuko dabe. Aste horreetako mantenu-gastuei aurre egin ahal izateko, hautatutako artista bakotxak 3.000 dolarretako diru-laguntzea jasoko dau.

Gaurdaino hamasei izan dira Basque Artist Program ekimenean parte hartu daben artista gazteak, izan be, lehenengo edizinoan Karla Tobar eta Alain Urrutia izan ziran hautatuak; bigarrenean, Cristian Villavicencio eta Diego Vivanco; hirugarrenean, Gala Knörr eta Maite Pinto; 2018ko edizinoan, Nora Aurrekoetxea eta Helena Goñi; eta 2019koan, barriz, Raquel Asensi eta Jon Gorospe; pandemia sasoiko etenaldiaren ostean, 2022an Alejandro Bueno, Mikel Escobales, Alejandra Bueno, Amaia Molinet, Beñat Krolem eta Fabio Tranchida izan ziran New Yorkeko egonaldian.

Artista hasibarrientzako egonaldi-programa hau, baita Museoak urtero EAEko ikasleentzat martxan jarten dauen beka-programea be, Guggenheim Bilbao Museoak Solomon R. Guggenheim Foundation-egaz 2014ko abenduan sinatutako Kudeaketa Akordioaren barritzearen parte dira; barritze horrek erakunde bien arteko lankidetzea sakontzen dau hainbat proiekturen bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu