Joxan Oiz Arrutik irabazi dau VII. (H)ilbeltza bekea

Bizkaie! 2023-05-12 13:41   Kulturea

Zorigaiztoko proiektuari esker irabazi dau.

Euskal Herrian literatura baltza sustatzeko VII. (H)ilbeltza bekearen helburua da euskerazko nobela baltza sustatzea eta, horretarako, txandaka sormen eta itzulpen lanak saritzen dira. Aurten, VII. edizinoan, narratibea idazteko bekea egokitu da.

Baztanek aspalditik dau loturea euskal nobela baltzagaz, izan be, Jose Antoni Loidiren Hamabost egun Urgainen eta Mariano Izetaren Dirua galgarri izan ziran lehenengo euskal nobela baltzak. Euskal Nobela Baltzaren astearen harian sortu eben bekea. Beraz, esan daiteke Baztan euskerazko nobela baltzaren erreferentziazko eskualdea dala.

Epaimahaikideek azpimarratutakoa:

XIX. mende hasierako Donostian kokatzen da lan irabazlea eta laginean ikusten da idazleak dokumentazino lana eta garaiaren prospekzino ariketa bat egin dauela. Epaimahaiak uste dau iradokitzailea dala abiapuntua eta garai soziala eta, horrezaz gan, kasu honetan ukitu historikoa kritika sozialagaz buztartzea nobela on baten oinarri izan leiteke. (H)ilbeltza bekearen parametroakaz bat egiten dauela uste dau epaimahaiak eta hizkera landua erabilteak indartu egiten dau proiektua. Zoriondu nahi dogu irabazlea, baita epaimahaiaren lana zaldu daben ganerako proiektuak be.

Saria: Lagin irabazleari 3.000€ emongo jakoz orain eta beste 3.000€ lana amaitukeran.

Argitalpena: 2024ko abenduan argitaratuko dau lana Txalaparta argitaletxeak.

Irabazleari buruz: Joxan Oiz Arruti (Donostia, 1968). Euskal Filologian lizentziatua da. Gaztetan euskal prentsan ibilitakoa da kolaboratzaile, kazetari eta zutabegile Argian eta Euskaldunon Egunkarian (azken horretan sorrerako erredakzino-taldekidea izan zan). 1992. urtetik irakaskuntzan dabil eta irakaskuntzea eta kudeaketea tartekatu ditu; Euskal Unibersidadearen aldeko hainbat ekimenetan ibili zan hiru urtez, UEUren eskutik lehenik eta Universitas Vasconum fundazinoaren barruan ondoren. Ikastolen mobimentuagaz lotuta beti, Berako Nafarroa Oinezko koordinatzailea izan zan 1994an, bai eta Nafarroa Oinez 2006 eta Kilometroak 2013ko batzordeburu be. Literaturan, Beñat Dardo nobelea argitaratu dau (Susa, 2006) eta Bidasoa poesia eta argazki-liburua (Irudi, 2006).

Bekaren antolatzaileak:

Baztango Udala
(H)ilbeltza alkartea
Txalaparta argitaletxea

Epaimahaia:

Joseba Otondo, Baztango alkatea.
Eneko Barberena, (H)ilbeltza elkarteko ordezkaria.
Garazi Arrula Ruiz, Txalaparta argitaletxeko ordezkaria.
Lagin irabazlea: Joxan Oiz Arrutiren Zorigaiztoko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu