Sabina de la Cruz, poeta eta literatur kritikaria, ‘Con letra de mujer’

Bizkaie! 2023-05-12 08:05   Pil-pilean

Poeta bizkaitarra maiatzaren 13ko zozketan izango da protagonista.

Sabina de la Cruz, Sestaoko poeta eta literatur kritikaria, ONCEko kupoiaren protagonistea da maiatzaren 13an, zapatuan, Con letra de mujer sailari jagokona. Bost miloe eta erdi kupoik zabalduko dabe haren irudia.

Usue Vallejok, ONCEren Euskadiko ordezkariak, Miguel Moradok, Joko Saileko buruak, Juan Mª Aburtok, Bilboko alkateak, Gonzalo Olabarriak, Alkatetzearen koordinatzaileak eta Gobernantza eta Kulturako zinegotziak eta José Fernández de la Sotak, Blas de Otero Fundazinoko zuzendari gerenteak aurkeztu dabe kupoia.

Sabina de la Cruz Sestaon jaio zan 1929an eta Bilbon hil zan 2020an. Poetea, literatur kritikaria eta unibersidadeko irakaslea izan zan eta bere senar Blas de Otero poetearen literatur lana zabaldu eban izen bereko fundazinoaren bidez. Gazte-gaztetatik barriketaldietan parte hartu eban eta literatur zirkuluetan gustora ibilten zan.

Filologia Erromanikoan doktorea, hainbat espezialidadetan irakasle izan zan Madrilgo Unibersidade konplutensean. Haren bizitza personal eta profesionala Blas de Oterogaz lotuta egon zan ezagutu ziranetik,  poeteagaz ia hamarkada biko istorioari hasierea emonez.

1961etik Blas de Oteroren literatur lana ikertzen eta zabaltzen jardun eban. 2002an Bilboko Ilustre saria emon eutsen. Sabina de la Cruzen lanen artean, Historias fingidas y verdaderas (Alianza, Madrid, 1980), Poesía escogida de Blas de Otero (Vicens Vives, Bartzelona, 1995), Los poemas vascos de Blas de Otero (Bilboko Udala, 2002) eta El eterno retorno dagoz.

Con letra de mujer kupoi sailagaz, historian zehar emakume idazleen figurea aldarrikatu nahi dau ONCEk. Askok ez eben aukera handirik izan literatureari ekiteko eta, horreetako batzuk, izengoiti maskulino bategaz sinatu behar izan eben. Con letra de mujer liburuak haren figura literarioa eta personala zabaldu nahi dau, autorearen lana autortzeko eta publikoari, bai bere Autonomia Erkidegoari, bai lurralde osoari be ezagutarazoteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu