Enkarterri Museoak ibilbide zirkularra atondu dau

Bizkaie! 2023-05-09 11:31   Kulturea

Maiatzaren 20an izango da Abellanedako ingurumen eta ondare ingurunean.

Bizkaiko Batzar Nagusien jaubetzakoa dan Enkarterriko Museoak oinezko ibilbide zirkularra atondu dau maiatzaren 20rako, zapaturako, Abellanedako monumentu moltsoak ezkutetan dauen kultura, natura eta landa-ondarea ezagutarazoteko. Ondare hori Enkarterri Museoak berak, Enkarterriko Batzar Etxeak eta paisajearen ikuspegitik balio handia dauen inguruneak osotzen dabe.

Jarduera horregaz, Enkarterriko Museoak bat egingo dau maiatzaren 18an ospatzen dan Museoen Nazinoarteko Egunagaz. Museoen Erroak. Jasangarritasuna museoen sustraietan goiburuari eutsiz, Bizkaiko museoek jasangarritasuna azpimarratu gura izan dabe, Museoen Nazinoarteko Kontsejuak aurten eskatu dauen lez.

Museoak hainbat jardueraren bitartez lantzen dau ingurunearen jasangarritasunaren eta jagoletzearen arloa, adibidez, material jasangarriak eta berrerabilitako materialak darabiz, bai erakusketetan, argitalpenetan, kultur ibilbideetan eta jarduera pedagogikoetan. Karbono aztarnak murrizteko ekimenen artean, museoak konsumo txikiko argiztapena eta auto elektrikoak kargetako puntu bat instalau ditu, beste gauza batzuen artean.

Politika horri, ingurumena errespetetako eta konserbetako idea horretan sakontzen dauen hiru ordu inguruko kultur ibilbidea gehitu gura deutso Enkarterriko Museoak. Ibilbidea Abellanedan hasiko da eta Bezi auzora (Sopuerta) helduko da; bertan, landa arkitekturea erakutsiko da eta San Kosme eta San Damian eleiza ikusgarria bisitauko da. Museora bueltau ostean, www.enkarterrimuseoa.eus webgunean ibilbide horretan izena emon dabenak, Batzar Etxea eta museoaren eraikina barru hartzen dituan Abellanedako monumentu moltsoan sartuko dira. Enkarterri Museoaren barruan daborduko, izena emon dabenek aldi baterako “George Alexander Dick. Injineru alemaniar baten bidaia Euskal Herritik XIX. mendean” aldi baterako erakusketea disfrutau ahal izango dabe.

Museoen Nazinoarteko Eguna Bizkaian

Orain dala 40 urte baino gehiagotik atontzen da urtero maiatzaren 18an. Helburua, kultur trukerako eta kulturak aberasteko museoak bitarteko garrantzitsuak dirala kontzientzietea da, bai eta herrien artean alkar ulertzea, lankidetzea eta bakea garatzeko be.

Herritarrek Bizkaiko museoen aniztasuna ezagutzeko aukerea dabe www.museoeneguna.eus webgunean. Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako webgune horretan, lurraldeko museoek egun hori ospatzeko eskaintzen dituen jarduerak be zehazten dira. Enkarterri Museoaren dobako jarduerakn disfrutetako aldez aurretik izena emon behar da www.enkarterrimuseoa.eus webgunean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu