Otxandioko Xixili Bengoetxea Llona eta Durangoko Jokin Camarero Garai izan dira irabazleak
2023-05-05 12:45 KultureaDurangaldeko Ikerlari Gazteen II. Sariketako irabazleak dira.
Gerediaga Alkarteak Durangaldeko ondarea, historia, kulturea eta gizartearen jagoletzea, ikerketa eta zabalpenaren aurreko zaletasuna eskualdeko gazteen artean bultzatzeko helburuari eutsiz sortu eban igaz Durangaldeko Ikerlari Gazteen Saria.
Kategoria bi dira: 18 urtera artekoen kategorian 500 euroko saria emon dabe eta 19-35 urte bitartekoen artean 1000 euroko saria eroango dau saridunak. Danetara, 27 lan aurkeztu dira: 23 gazteen kategorian eta 4 nagusienean.
Gazteen kategorian, 18 urteko Jokin Camarero Garai durangarrak irabazi dau. Durangaldeko mitologiari buruzko artikulua idatzi dau. Durangaldean zehar egin dituan ibilbideetako eta lekuetako personaje mitologikoak eta euren inguruko kondairak azalduz egin dau idatzizko lana. Epaimahaiak Durangaldeko mitologian Mari personajeaz harago sakondu dauela azpimarratu dau. Lan txukuna, irakurterraza eta narrazinoaren antza daukala zehaztu dau. Lanak dituan irudi ederrak be nabarmendu ditu epaimahaiak eta gazteen kategorian egoteko maila altuko lana dala be gaineratu dau.
Nagusien kategorian, Xixili Bengoetxea Llonak 23 urteko otxandiarrak jasoko dau 1000 euroko saria. Garavilla S. A. arrain konserba fabrikea Otxandion: arrain kontserba industria eta emakume langileen lan prozedurea eta baldintzak izenburuko lana, 50eko hamarkadan Otxandion martxan egon zan konserba fabrikearen historian sakondu dau. Epaimahaiak azpimarratu dauenez, zerotik ekin deutso ikerketa lanari eta orain arte ezaguna izan ez dan gai baten inguruan, bizi izan ebenen testigantzak jasoz. Durangaldeko zenbait emakumeren ikusgarritasunaren alde egin dau. Lana ondo egituratuta egotea be positibotzat jo dabe, testuinguru orokor batetik tokiko historiara hurreratuz. Epaimahaian, Iruri Altzerreka Martinez zuzenbidea ikaslea, Helene Sanchez Zelaia bioteknologian graduatua eta Liher Larrañaga Gabiria ikus-entzunezko komunikazinoa ikasitako gazteak izan dira.
Sariak emotea, berbaldia eta Saguzarren behaketea
Durangaldeko Ikerlari Gazteei sariak emoteko ekitaldia Otxandion izango da, maiatzaren 12an, arratsaldeko 19:30ean. Otxandioko bolatokian izango da ekitaldia eta horretarako, Otxandioko Udalaren laguntzea izango da.
Sari-banaketearen ostean, Durangaldean egiten dabizan saguzarren inbentarioa ezagutzeko aukerea egongo da berbaldi baten bidez. Horretarako, Aitor Arrizabalaga Escuderok aurkezpen labur bat egingo dau eta horren osogarri gaueko 21:00etan, Otxandion zehar, ultrasoinu-detektagailuak erabilita, saguzarrak bilatu eta behatzeko ibilaldi laburra egingo da.
Aitor Arrizabalaga Escuderok beste lagun bigaz batera Gabako alkartea sortu dabe, natureagazko zaletasunak batuta. Gaueko basabizitzaren konserbazinorako alkartea da eta, besteak beste, eskualdeko saguzarren identifikazinoan jarduten dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!