Macarena Recuerda Shepherd artisteak 'Cosa. Intervenir un cuerpo' lana estreinauko dau Bilbon
2023-05-04 08:25 KultureaCosa obran, gorputza materialtzat hartzen da, ia atrezzo bihurtu arte.
Antzelan hau da artisteak egin dauen ilusionismoari buruzko trilogíaren azkena. Topaketea gaur, maiatzak 4, arratsaldeko 19:00etan izango da Azkuna Zentroko Kubo Baltzan (Prezioa. 18€ / 12,5€ AZ txartelagaz). Ganera, estreinaldiaren egunean bertan, goizeko 11:00etan artisteak saio bat egingo dau ikastetxeentako ikasleentzat Kubo Baltzan
Lan hau artisteak Babestu, Azkuna Zentroaren Sorkuntza Garaikideari Laguntzeko Programearen barruan egindako ikerketea da. Horren bidez, Macarena Recuerdak publikoak antzerkiaren eta ilusinoaren arteko loturea zelakoa dan planteatzea lortzen dau, bertan magia, errealidadea, ekintzea eta fikzinoa plazaratuz.
Artisteak 2017an ekin eutson ikerketa honi eta ¡Ay! Ya! (2018) eta The Watching Machine (2020) piezak egin zituan. Orain, barriz, Macarena Recuerda Shepherdek Cosa. Intervenir un cuerpo dakar, irudien ikerketea ikuspegi eszenografikoa ardatz hartuta. Horretarako, artisteak gorputza beste material bat bezela irudikatzen dau, ia atrezzo bihurtu arte.
Azken buruan, proposamena Azkuna Zentroaren eszenAZ, Arte Eszenikoen 2022-2023 denporaldiaren parte da eta programearen barruan, datorren bagilaren 8an, 19:00etan Zentroak Poliana Lima jantzari eta koreografoaren Oro Negroren Euskadiko estreinaldia aurkeztuko dau Kubo Baltzan.
Lidia Zoilo González
Macarena Recuerda Shepherd izengoitia erabilten dau artisteak obrak sinatzeko. Arte eszenikoetan, antzerkian eta jantza arloetan dabil eta arteagaz bat egiteko modu barriak sortzea helburu daben proiektu parte-hartzaileetan oinarritzen da.
2012tik aurrera, ikusleen rolari buruzko ikerketak egiten ditu. Haren ikerketak eszenako hizkuntzeari buruzkoak dira, baita espazioan parte-hartzaileei eta pedagogoei buruzkoak be.
Hainbat proiektu egin ditu Sofía Asencio, Idurre Azkue, David Franch, Txalo Toloza eta Vicente Arlandis artistakaz alkarlanean. Haren lanen artean nabarmentzekoak dira Thatʼs the story of my life (2010), Greenwich Art Show (2012), Whose are those eyes? (2013), El Experimento Ganzfeld (2015), Collage y Acción (2016), Ay! Ya! (2018) eta The Watching Machine (2020).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!