Museoen Nazinoarteko Egunak Bizkaiko museoen alderik eroangarriena erakutsiko dau

Bizkaie! 2023-05-03 07:55   Kulturea

Museoen Erroak. Museoen sustraien jasangarritasuna goiburuari eutsiz egingo da

Bizkaiko Museoek Museoen Nazioarteko Eguna atondu dabe aurten bee, maiatzaren 18an. Oraingoan, ICOMek (Museoen Nazinoarteko Kontseilua) jasangarritasuna edo eroangarritasuna azpimarratzen dau: Museoen Erroak. Museoen sustraien jasangarritasuna da aurtengo edizinoaren goiburua Bizkaian eta lurraldeko hogeita hamar pinakotekak baino gehiagok aste bitan izango diran efemeride horri lotutako jarduerak programauko ditue eta zenbait espaziok maiatzaren 18an museoa bisitetako sarrera librea eskaintzea erabagi dabe. Holan, bisitariei museoetara hurreratzeko aukerea emon gura jake, ospakizun honen inguruan atondutako programazinoez gozetako.

Lorea Bilbao Ibarra Euskera, Kultura eta Kirol diputadua Itsasmuseum Bilbaon egindako Nazinoarteko Egunaren aurkezpenean izan da. Ekitaldi horretan Bizkaiko museoetako hainbat ordezkarik parte hartu eta maiatzaren 18aren inguruko programazinoaren barri emon dabe.

Aurten, Bizkaian egunagaz bat egiten daben hogeita hamar museo baino gehiago dira: Bilbon, Arkeologi Museoa, Athletic Club Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa, Bilboko Berreginen Museoa, Itsasmuseum Bilbao, Arte Sakratuaren Museoa, Euskal Abertzaletasunaren Museoa, Guggenheim Bilbao Museoa eta Euskerearen Etxea; eta beste udalerri batzuetan: Euskal Herriko Meatzaritzearen Museoa (Abanto-Zierbena), Txakolingunearen Museoa (Bakio), La Encartada Fabrika-Museoa (Balmaseda), Balmasedako Pasino Biziduna, Balmasedako Historiaren Museoa, Burdin Hesiaren Oroimenezko Museoa (Berango), Arrantzaleen Museoa (Bermeo), Antzasti Euskaldunon Etxea (Dima), Durangoko Arte eta Historia Museoa, Urdaibai Bird Center (Gautegiz Arteaga), Euskal Herria Museoa (Gernika-Lumo), Gernikako Bakearen Museoa, Bizkaia Zubia (Getxo), Dolomitetako Fabrika Zaharra Museoa (Karrantza), Santimamiñe (Kortezubi), Medikuntzearen Historiaren Euskal Museoa (Leioa), Andrés de Urdaneta Historia Naturalaren Museoa (Loiu), Hontza Museoa (Mañaria), El Pobal Burdinola (Muskiz), Butroeko Plasentia Museoa (Plentzia), Agurtza Arrantzearen Interpretazino Zentroa, Santurtzi Itsas Museoa, Enkarterri Museoa (Sopuerta), Urduña Hiria Museoa (Urduña) eta Simón-Bolívar Museoa (Ziortza-Bolibar).

Herritarrek Bizkaiko museo-aniztasuna ezagutzeko aukerea dabe www.museoeneguna.eus webgunean. Bertan, lurraldeko museoek efemeride hau ospatzeko eskaintzen dituen jarduerak zehazten dira.

Museoen Nazioarteko Eguna

Museoen Nazioarteko Egunaren (MNE) helburua da museoak kultura-trukerako, kulturak aberasteko eta herrien arteko alkar ulermena, lankidetzea eta bakea garatzeko bitarteko garrantzitsuak dirala ohartarazotea. Orain 40 urte baino gehiago ekin jakon eta egun bat, astegoien bat edo aste osoa iraun leike MNE ospatzeko atondutako ekitaldi eta jarduerek.

Museoetan egingo diran jarduerei buruzko informazino guztia www.museoeneguna.eus webgunean dago. Bertan, lurraldeko museo guztiak erakusteaz gain, herritarrak museoetara bisitan joan daitezan animetan ditue, Bizkaiko museo-eskaintza zabala ezagunagoa izan daiten.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu