'Kulturea eta pentsamendua' zikloan, filosofia ardatz maiatzaren 8an

Bizkaie! 2023-05-02 12:25   Kulturea

Hitzordu guztiak 19:00etan izango dira Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusian.

¿Para qué aún filosofía? izeneko jardunaldiak maiatzaren 8, 15, 22 eta 29an izango dira. Patxi Lancerosek, Filosofian Doktoreak, aurkeztuko ditu eta fenomenoari pentsamendu zorrotzenetik heldu nahi deutsee.

Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturguneak maiatzaren 8an ekingo deutso zikloari. Patxi Lanceros filosofian doktoreak aurkeztuta, zikloaren barruko topaketek filosofian jarriko dabe arretea.

Behin eta barriro agiri da Theodor W. Adorno alemaniar pentsalariaren obran, II. Mundu Gerrako inarrosteaz gero, galdera hau: Zertarako, oraindik be, filosofia? Egia da galdera hori kutsu dramatiko bategaz egiten dala, ikasketa-planetan aldaketaren bat egiten danean (edo egingo dan bildur izatean). Orduan, réquiem moduko bat egiten da, kultura mueta jakin batengaitik, eta kultura horri atxikitako balioakaitik; etorkizunerako hegemonia moduko bat iragarten jake teknikoei. 

Filosofia, besteak beste, ezagutzarako jarrera bat da eta bi mila urte baino gehiago ditu. Kulturan nahiz gizarte osoan jazotako transformazino guztien ondoan egon izan da. Edo, hobeto esanda, kulturen eta gizarteen arloetan izandako transformazino guztien ondoan. Eta zer filosofia, garaiotarako? Zer filosofia, XXI. mende honetarako? Zer filosofia, superstizino zahar eta barriak ez ezartzeko? Galdera horrek erabiliko ditue jardunaldiotan, zorroztasunez.

Lehenengo hitzordua astelehenean izango da, hilak 8, Filosofía Inacabada izenburupean eta Marina Garcés UB Arteko Filosofian doktore eta UOCeko Arte eta Humanidade ikasketetako irakasle agregatuak hartuko dau parte.

Astelehenean, hilak 15, Ante la nueva servidumbre: tiempo, tecnología y globalización hitzaldiaren txandea izango da, Marcela Velez, UAMeko Filosofian nazinoarteko doktorea eta UAMeko Filosofia Saileko irakasleagaz.

Maiatzaren 22an egingo da Carolina del Olmo, CBAko eta Minerva aldizkariko argitalpenen zuzendariaren berbaldia, Pensar desde casa izenburukoa.

Zikloa maiatzaren 29an (astelehena) itxiko da José Ignacio Galparsororekin, Parisko IV- Sorbonne Unibertsitateko Filosofian doktorea eta UPV/EHUko Filosofia Saileko irakasle titularra. Hitzaldiaren izenburua honako hau izango da: Denpora digitaletan.

Hitzordu guztiak 19:00etan izango dira Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusian. Hitzordu honetarako sarrera doakoa da eta sarrera librea izango da lekua bete arte.

Bertaratzerik ez badago, aurkezpena streaming bidez jarraitu ahal izango da Bidebarrieta Kulturgunearen YouTubeko kanalean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu