Mondragon Unibersidadeak eta Arrasate Rugby Taldeak bat egin dabe

Bizkaie! 2023-04-28 07:50   Kulturea

Asmoa da urritasunak dituen jokalariak laguntzea eta kirolean giro positiboa sortzea. 

Kirol arloko ikerketea, garapena eta barrikuntzea bultzatzeko asmoz eta Arrasate Rugby Taldeko talde inklusiboko jokalari, dinamizatzaile, entrenatzaile eta gurasoei laguntzeko, hitzarmena sinatu dabe Mondragon Unibersidadeko Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeak eta ART-ek, Arrasate Rugby Taldeak. Sinadura ekitaldia Eskoriatzako campusean egin da eta bertan parte hartu dabe Ramon Barrutia Arrasate Rugby Taldeko ordezkariak eta Nagore Ipiña Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeko dekanoak.

Lankidetza-proiektu honi esker ART-eko talde inklusiboko partaideentzako lagungarriak izan daitekezan orientazinorako metodoa eta tresnak jorratu eta ezarriko dira. Arrasate Rugby Taldeko Ramon Barrutiak adierazo dauenez, taldeetan ezintasun handiko jokalariak dagoz: Down sindromea, espektro autistako nahasmendu mailak, garuneko paralisia eta zehaztu bako beste batzuk. Gaineratu dau adituak behar dituela jokalariak, dinamizatzaileak, taldeko entrenatzaileak eta gurasoak lagundu eta orientazinoa emoteko, bai eta jarraipenerako tresnak izateko be.

Arrasate Rugby Taldea

Errugbian ingurune positibo eta dibertigarrietan jokatuz gozetako lagun taldeak sortzeko helburua dau Arrasate Rugby Taldeak, taldeko kideek garapen kongnitibo indibiduala izatea nahi da, hau da, garapen holistikoa eta lagunak egiteko kide izatearen harrotasuna.

Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadea

Arrasate Rugby Taldeagaz sinatutako hitzarmen honek aukerea emongo dau hainbat ekintza aurrera eroateko, besteak beste, ingurune erreal bat ikerketarako, ezagutzearen garapenerako espazio bat eta esperientzia esanguratsu bat. Nagore Ipiña Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeko dekanoak ondokoa nabarmendu dau: ikasleentzako maila akademikoan zein personalean esanguratsuak diran ekintzak aurrera eroateko aukerea emongo deusku Arrasate Rugby Taldeagaz sinatu barri dogun hitzarmen honek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu