Guggenheim Bilbao Museoaren webguneak nazinoarteko Webby Award bat irabazi dau

Bizkaie! 2023-04-26 08:12   Kulturea

Erakundearen 25. urteurrenaren harian diseinau eben.

Guggenheim Bilbao Museoak bere 25. urteurrena dala eta joan dan zemendian aurkeztutako webguneak Webby Award sari entzutetsua irabazi dau, publikoaren botoei esker, kultur erakundeetako webgunerik onenaren atalean. Nazinoarteko Arte eta Zientzia Digitalen Akademia – International Academy of Digital Arts and Sciences erakundeak urtero emoten ditu Interneteko Oscar saritzat joten diran nazinoarteko sariok proiektu digitalik onenak autortzeko.

Akademiak kategoria bakotxeko bost hautagai aukeratu ditu izena emondako 14.000 ekimenen artean eta, ondoren, botazino masiboa egin da; bertan parte hartu daben 600.000 personek 2,5 miloe boto emon ditue kategoria askoren artean. Museoaren webguneak Publikoaren saria 2023 – People’s Voice Winner 2023 irabazi dau bai museoen, bai bestelako erakunde kulturalen webguneak batzen dituan kategorian.

Guggenheim Bilbao Museoko lantaldea ezin eskertuago dago publikoaren babesagaitik eta mundu guztiko jarraitzaileei eskaini deutse saria.

Interakzinoa, artea eta emozinoa

Guggenheim Bilbao Museoak mundu zabalera dauen erakusleiho digitala erakundearen 25. urteurrenak oinarri izandako balioakaz lerrokatzen da: Artea eta Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumea goratu eta balioan jartea, esker ona, inklusibidadea, eraldaketea eta etorkizunerako proiekzinoa.

Diseinu bisual eta deigarria dauen webguneak interakzioa sustatzen dau Museoaren eta bere publikoen artean —arte zaleak, hezitzaileak, turistak, artistak, gazteak, Museoaren Lagunak eta Jarraitzaileak zein Kide Korporatiboak— kolektibo bakotxera egokitutako edukien bidez. Erabateko esperientzia digitalak eskaintzen ditu, bereizmen handiko bideo eta argazki barriak, bisita birtualak eta 360º-koak eta zuzeneko emonaldiak jasoten dituenak. Webgunearen diseinu dinamikoak indartu egiten dau material audiobisuala, eskuko telefonoaren bidez be gozetako moduko lengoaia grafiko garaikideari eutsiz.

Artelanek, arkitektureak bezela, emozinoak transmitiduten ditue. Eta egia bada be Museora bertaratzen dan bisitariaren esperientzia oso bestelakoa dala erabiltzaile digitalarenaren aldean, webgune barria emozinoak online pizteko dago diseinauta, artelana erdigunean kokatuta.

Artelanen hasierako esperientzia sensorial horren ondoren, diseinu barriak aukerea emoten dau, obreari, sortzaileari edo bere testuinguru historikoari buruzko informazino zabal batean sakontzeko eta sarbidea emoten dau baliabide eta eduki gehigarri ugarietara.

Guggenheim Bilbao Museoaren atal berean lehiatutako webguneak honako honeek izan dira: Johannes Vermeer artisteari Amsterdamgo Rijksmuseum-en eskainitako erakusketea —haerk irabazi dau epaimahaiaren saria—, Kopenhageko The David Collection museoa, National Gallery of Australiako Arte Indigena Trienala eta Fine Arts Museums of San Francisco.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu