Arantxa Urretabizkaiak irabazi dau 2022ko 111 Akademiaren Saria

Bizkaie! 2023-04-25 13:30   Kulturea

Akademiakideek Azken etxea eleberria saritu dabe.

Arantxa Urretabizkaia (111 Akademia) | Ikusi handiago | Argazki originala

111 Akademiak Arantxa Urretabizkaiari (Donostia, 1947) emongo deutso 2022ko 111 Akademiaren Saria. Akademiakideek Urretabizkaiaren Azken etxea eleberria izentau dabe 2022ko libururik gogokoen. 212 akademiakide ditu momentu honetan 111 Akademiak eta horreetako 114k parte hartu dabe 2022ko sariduna izentetako 2023ko urtarrila eta apirila bitartean egindako hiru botazino txandatan. Urretabizkaiaren lanak Anjel Lertxundiren Desertuan behatxuloa saiakerea izan dau lehiakide azken bueltan.

111 Akademiak jentaurreko sari-emote ekitaldia egiteko asmoa dau bagileko bigarren astean.

Azken etxea

Egileak hasieratik aurkeztu deutsoz irakurleari oinarrizko personaiak eta protagonistea, azken etxea erostea erabagi dauen emakumea. Baina narrazinoak aurrera egin ahala, idazleak zenbait errezel, bata bestearen ondotik, batzen ditu ezusteko ikuspena agirian itxita, irakurlearen jakin-mina pizturik eustea lortuz, protagonistearen inguruan misterio gandu bat zabalduz eta haren jomugea azalduz. Alkarrizketarik bako kontakizuna egin dau idazleak baina horrek ez deutso irakurleari trabarik egingo narrazinoaz gozetako, egilearen maisutasunari esker.

Hogeita zazpigarren edizinoa

27. edizinoa dau aurtengoa Euskal Herriko irakurleek emoten daben sari honek. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 1996an jarri eban martxan Beterriko Liburua literatur aitamena (aurrerago 111 Akademiaren Saria bihurtua) euskal irakurleari literaturearen plazan berbea eta protagonismoa emoteko asmoz.

Honakoak izan dira urte horreetan guztietan irakurleen saria jaso daben obrak:

• 1996 Joxean Agirreren Elgeta.
• 1997 Ur Apalategiren Gauak eta hiriak.
• 1998 Koldo Izagirreren Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri.
• 1999 Lourdes Oñederraren Eta emakumeari sugeak esan zion.
• 2000 Ramon Saizarbitoriaren Gorde nazazu lurpean.
• 2001 Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua.
• 2002 Anjel Lertxundiren Zorion perfektua.
• 2003 Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea.
• 2004 Pako Aristiren Gauza txikien liburua.
• 2005 Juan Kruz Igerabideren Hauts bihurtu zineten.
• 2006 Karmele Jaioren Amaren eskuak.
• 2007 Jokin Muñozen Antzararen bidea.
• 2008 Anjel Lertxundiren Zoaz infernura, laztana.
• 2009 Irati Jimenezen Nora ez dakizun hori.
• 2010 Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak.
• 2011 Harkaitz Canoren Twist.
• 2012 Ramon Saizarbitoriaren Martutene.
• 2013 Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat.
• 2014 Mikel Peruarenaren Su zelaiak.
• 2015 Katixa Agirreren Atertu arte itxaron.
• 2016 Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua.
• 2017 Uxue Alberdiren Jenisjoplin.
• 2018 Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa.
• 2019 Karmele Jaioren Aitaren etxea.
• 2020 Pello Lizarralderen Argiantza.
• 2021 Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala.
• 2022 Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu