'Euskaltzaindiaren helburuei eta euskaltzain izateari jagokezan eginkizunak zintzo eta leialki beteko ditut'
2023-04-24 07:45 KultureaPozik bihurtzen naz zuon hurrengo katebegia.
2022an, Euskaltzaindiak euskaltzain oso izentau eban Miren Agur Meabe idazle lekeitiarra. Joan dan zapatuan, barriz, Akademiaren barruko arauek agintzen dabenari jarraituz, sarrera-berbaldia egin dau, Lekeitioko basilikan.
Pasa dan astegoienean, zapatuan, Euskaltzaindiak Osoko bilkurea egin dau Lekeitiokon herriko udaletxean eta 12:00etan hasi da ekitaldi instituzionala Lekeitioko Basilikan. Miren Agur Meabek lore-eskaintzea egin deutso R.M. Azkueri, lehen euskaltzainburua basilikan bertan hilobiratuta baitago. Ondoren, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Koldo Goitia Lekeitioko alkateak ondoetorri beroa egin deutse bertaratutakoei.
Protokoloak agintzen dituan bestelako berba eta aurrekarien ostean, Itsaso bete mezu sarrera-hitzaldia irakurri dau idazle lekeitiarrak. Hasmentan, euskerea eta literaturearen ateak zabaldu eutsiezan personak omendu nahi izan ditu irakurraldian, gogoratu ditu herriko basilikan eginiko lehen irakurketak (lehen-lehena sei urte eta erdi zituala eginikoa), Labayruko ikastaroak, Xabier Kintanaren itzala (berari zor deutsat neure-neure egin dodan berba bat: bisuts), Eusebio Erkiagaren aholkuak... Pozik bihurtzen naz zuon hurrengo katebegia, agertu dau Meabek erakundeetako ordezkarien, euskaltzainen eta herritarren aurrean, zuon eta zuon moduko beste batzuen konpromisoari eta argitasunari esker baitago gure hizkuntzea dagoan tokian.
Segidan, itsasoak bere ibilbide poetikoan izan dituan agerpideez egin dau berba, luze-zabal, olerki zatiak oinarritzat hartuta. Meabek hamahiru puntutan laburbatu dau berbaldia: Bizi-aroen portua; Arranegi versus Goikokalea; Hondartzea, prisma bat; Orografiari buruzko apunteak; Itsas zoologiaren lagin batzuk; Oinarrizko gastronomia; Kresala, pasinoaren perfumea; Itsasoa, doluaren gordailu; Genealogia femeninoaren ozeano horreek; Ur-mitoen gazitasunaz; Tresnak: belak, arrauna, amuak eta mapak; Itsas belarrien bildumea; Sormenaren ur irauliak; Harea, arbel eta lehengai.
Castillo Suárez euskaltzain osoak emon deutso erantzuna, Galtzearen arteaz testua irakurriz. Hona hemen idatziaren abantzu labur bat: Galerei aurre egiteko idazten dau Miren Agur Meabek. Agur esateko be bai. Negar egiten dau galerei neurria hartzeko. Idatzi egiten dau gatxetik urtetako. Baina, batzuetan, ez dago mina arintzerik, boligrafoak ez daki bereizten zer dan lehenago, negarra edo mina, idatzia edo sentidutakoa, nahigabea edo gonbitoa. Batzuetan bihozmina biderkatu eta oinaze bihurtzen da, gainera. Orduan, nahiago dau gorputzik euki ez, eta testu hasikin bihurtu, esaldi mataza, ohar kaier. Finean, idaztea galtzen eta erratzen ikastea da. Galtzearen arteaz egin eban Elizabeth Bishop poeta estadubatuarrak poema zoragarria, eta poema hori ardatz hartuta, Castillo Suárezek Miren Agur Meaberen poetikearen nondik norakoak azaldu ditu, metaforaz betetako testu ederrean.
Akabuan, euskaltzain barriak karguaren zina egin dau, euskaltzain izateari jagokozan eginkizunak zintzo eta leial beteko dituala esanaz: Euskaltzaindiaren helburuei eta euskaltzain izateari jagokezan eginkizunak zintzo eta leialki beteko ditudala neure berbea emoten dot. Gero, euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jaso ditu idazleak euskaltzainburuaren eskutik.
Lekeitioko Udalak, Miren Agur Meabe Plaza zoriondu eta eskerrak emon deutsoz Lekeitiori emondako guztiagaitik. Oso harro gagoz zutaz! Oroigarritzat, Lekeitioko ondareagaz lotura handia dauen eguzki jantzan erabilten dan mantoiaerregalau jako Miren Agurreri.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!