Miren Agur Meabe euskaltzain osoak bere ibilbide poetikoa aletuko dau Lekeition
2023-04-20 12:45 KultureaApirilaren 22an sarrera-berbaldia irakurriko dau.
Euskaltzaindiak euskaltzain oso izentau eban Miren Agur Meabe idazle lekeitiarra. Orain, Akademiaren barruko-arauek agintzen dabenari jarraituz, sarrera-berbaldia egitea jagoko euskaltzainari. Zapatuan izango da ekitaldia, Lekeitioko Basilikan. Euskaltzaindiak Osoko bilkurea egingo dau 10:00etan, herriko udaletxean eta 12:00etan hasiko da ekitaldi instituzionala. Miren Agur Meabek lore-eskaintzea egingo deutso R.M. Azkueri, lehen euskaltzainburua basilikan bertan hilobiratuta baitago. Ondoren, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Koldo Goitia Lekeitioko alkateak ondoetorria egingo deutsee bertaratutakoei. Protokoloak agintzen dituan bestelako berba eta aurrekarien ostean, Itsaso bete mezu sarrera-hitzaldia irakurriko dau idazle lekeitiarrak. Holan, itsasoak bere ibilbide poetikoan izan dituan agerpideak jorratuko ditu, poema zatiak oinarritzat hartuta. Meabek hamahiru puntutan laburbatuko dau berbaldia: Bizi-aroen portua; Arranegi versus Goikokalea; Hondartzea, prisma bat; Orografiari buruzko apunteak; Itsas zoologiaren lagin batzuk; Oinarrizko gastronomia; Kresala, pasinoaren perfumea; Itsasoa, doluaren gordailu; Genealogia femeninoaren ozeano horreek; Ur-mitoen gazitasunaz; Tresnak: belak, arrauna, amuak eta mapak; Itsas belarrien bildumea; Sormenaren ur irauliak; Harea, arbel eta lehengai.
Castillo Suárez euskaltzain osoak emongo deutso erantzuna, Galtzearen arteaz testua irakurriz. Hona hemen idatziaren abantzu labur bat: Galerei aurre egiteko idazten dau Miren Agur Meabek. Agur esateko be bai. Negar egiten dau galerei neurria hartzeko. Idatzi egiten dau gatxetik urtetako. Baina, batzuetan, ez dago mina arintzerik, boligrafoak ez daki bereizten zer dan lehenago, negarra edo mina, idatzia edo sentidutakoa, erremina edo gonbitua. Batzuetan bihozmina biderkatu eta oinaze bihurtzen da, ganera. Orduan, nahiago dau gorputzik euki ez, eta testu hasikin bihurtu, esaldi mataza, ohar kaier edo koardenu. Finean, idaztea galtzen eta erratzen ikastea da. Galtzearen arteaz egin eban Elizabeth Bishop poeta estadubatuarrak poema zoragarria eta poema horretatik abiatuta, Castillo Suárezek Miren Agur Meaberen poetikearen nondik norakoak azaldu ditu.
Akabuan, euskaltzain barriak karguaren zina egin beharko dau, euskaltzain izateari jagokozan eginkizunak zintzo eta leial beteko dituala esanez. Gero, euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jasoko ditu Meabek euskaltzainburuaren eskutik eta, azkenik, andreen aurreskuak zarratuko dau ekitaldia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!