'Yerma', 'Eta orain zer?', 'Sexberdinak' eta 'Supernormales' Max saridun
2023-04-18 08:06 KultureaAltsasu obrea ez dabe saritu.
Euskal antzerkiak lau sari eskuratu ditu Espainiako Autore eta Editoreen Alkarteak bart Cadizen emondako Max sarien galan. Maria Goiricelaya Buronek antzerki edo koreografia-lanaren egokitzapen onenaren saria irabazi dau, Yerma lanagaitik; Pascal Gaignek ikuskizun eszenikorako musika-konposizino onenarena, Eta orain zer? lanari esker; Tanttaka Teatroa, produkzino lanik onena, Sexberdinak lanari esker; eta Iñaki Rikarte, eszena zuzendaritzarik onena, Supernormales lanean egindakoagaitik.
Bilboko Dramatica Errante konpainia, Ane Pikazak eta Maria Goiricelayak sortua, bost Max saritarako izentauta egoan Yerma, Federico Garcia Lorcaren obrearen egokitzapena eta Altsasu obreagaitik. Azkenean, lehenengo lanak baino ez dau irabazi saria.
Kukai taldea Eta orain zer? ikuskizunari esker saritu dabe, ikuskizun eszenikorako musika konposizinorik onenari esker. Argiztapen diseinu onenaren sarirako be izentauta egon arren (David Bernues), ez dau sari hori irabazi.
Gorakada konpainiaren Zuhaitzak landatzen zituen gizona obrea be izentauta egoan, ume, gazte edo familientzako ikuskizun onenaren kategorian; Marta Eguileor, errebelazino egile onenaren atalean, Borderland lanagaitik eta Ikerne Gimenez, espazio eszenikoaren diseinu onenaren atalean, El cuaderno de Pitagoras lanagaitik. Baina ez dira sarituak izan.
Kontuak kontu, 45 ikuskizunetatik bi baino ez, Runa jantza ikuskizuna eta Cucaracha con paisaje de fondo antzerki ikuskizuna, izan dira Cadizeko Falla antzokian sari bi irabazi dituen lan bakarrak.
Sariotan, Ohorezko Max Tricicle hirukoteari emon deutse; izakera sozialeko Max sariak, barriz, Payasospital-en lana saritu dau eta, lehenengo aldiz, ikusleen Max Saria, Antoine de Saint-Exuperyren istorioan oinarritutako 'El petit princep' antzezlanak eroan dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!