Artotekea + Gazte Artea Ezkerraldean
2023-04-17 10:10 KultureaArtotekea hiru hilebetez izango da Sestaon.
Gazte Artea Ezkerraldean erakusketa-programeagaz lankidetzan, programa horretan aldez aurretik aukeratutako artista bat Artotekako bildumara batzen da, ezkerraldeko lau udalerrietako ordezkari bat batu arte.
Artotekea da arte garaikidea zabaltzeko plataformea, artelanen maileguan oinarritzen da eta bildumako artistakaz bitartekaritza lanak egiten ditu. Kultur proiektu honen helburu nagusia artea eguneroko bizitzara hurreratzea da.
Artotekearen funtzionamendua jarduera nagusi bitan gauzatzen da: Artelanen maileguak formalizetea eta bitartekaritza jarduerak egitea Artotekako artisten eta publikoaren artean.
Artotekea eta Gazte Artea Ezkerraldean Gazte Artea Ezkerraldean erakusketa-programearen eta Artotekea proiektuaren arteko alkarlanean, urtean behin, ezkerraldeko artista bat hautatzea da oinarria, lau udalerri horreetako bakotxeko artista ordezkari bat gehitu arte. Holan, arte garaikidea eguneroko bizimodura hurreratzea da asmoa, erakusketako hormatatik harago artearen eskuragarritasuna eta gozamena sustatuz. Era berean, Artotekea ezagutzera emoten da, ezkerraldeko gazte sormenari balioa emonez.
2022an, Adrián Piedra Rodríguez izan zan artista barakaldar hautatua. Haren lanetako bi, Ermita eta Noche, papelean inprimidutako erretratuak eta teknika mistoakaz esku-hartuak, Clara Campoamor Zentro Zibikoan erakutsi ziran, Artotekako bildumako artisten lanakaz batera. Era berean, autore beraren Marcho que teño que marcar, Begoñika lana maileguan hartu eban IES Beurko BHI institutuak eta hor Adrián Piedrak kartelen diseinuari buruzko ikastaroa emon eban.
Artotekea Sestaon
2023an, Borja Gómez Díez izan da Sestaoko aukeratutako artistea. Borja Gómezen lanak Gazteguneko bulegoetan egongo dira ikusgai, Artotekako bildumako obrakaz batera, udalerriko hainbat espaziotan banatuta. Borja Gómezen obreagaz batera, MawatreS artistearen Montes Bocineros seriea aurkeztuko da, zentro berean. Belén Cerezoren Piedra y fotografía lana Las Llanas Udal Kiroldegian ikusi ahal izango da eta Raquel Meyers-en Tótem, barriz, Udal Liburutegian.
Artotekako artisten eta taldearen eskutik lanak ezagutzeko, apirilaren 21ean bisita gidatua egingo da Liburutegian (Kasko Enparantza, 3) 18:30ean hasierea emonez eta espazio bakotxean dagozan lanak ikusiko dira.
Artotekearen helburua proiektua ezagutarazotea da eta, batez be, Gazte Artea Ezkerraldean programeagaz egindako kolaborazinoa, ezkerraldeko arte gaztea zabaltzeko eta Sestaoko bizilagunak animetea lana maileguan hartu deien, arte garaikidea egunerokotasunera hurreratzeko eta lekuan lekuko arte-sorkuntzeari balioa emoteko eredu jasangarri legez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!