'Munitibar 1937/04/26: Aire-eraso baten kronika' liburua aurkeztuko dabe apirilaren 23an

Bizkaie! 2023-04-17 09:14   Kulturea

Ahaztuen Oroimena 1936 eta Munitibarko herritarrak batu dira liburua egiteko.

Liburuaren oinarria da azken urteetan Munitibarren memoria historikoaz egindako lanketa eta bere aurkezpenerako 1937ko apirilaren 26an kolpistek, Kondor Leginoagaz batera, egindako erasoaren 86. urteurrena.

1937ko apirilaren 26an Kondor Leginoak airez eraso eban Munitibar bertako herritar eta kanpoko igeslariak (zibil, miliziano zein gudari) atrapauta. Erasoa arratsaldez Gernikan egindakoaren atarikoa izan zan.

'Munitibar 1937/04/26: Aire-eraso baten kronika' liburuan jazotakoa kronika lez kontau nahi izan dogu; herritarrakaz egindako alkarrizketek eta jasotako testigantzek balio izan deuskue garai haretan jazotakoaren errelatoa egiteko: Bizipen indibidualak jaso eta errelato orokor bat eregi gura izan dogu.

Azken urteetan jasotako testigantzen informazinoa, argitaratutako lanak eta lortutako dokumentazinoa buztartu ditugu errelatoa osotzeko. Jasotako guztia nabarmentzen saiatu gara, batutakoa dokumentau, gorde eta balioan jarteko.

1937ko apirilaren 26ko aire-erasoaz Munitibarren egindako lanketan oinarritzeaz gan (testigantzak, berbaldia, memoria-lekuak, memoria-ibilbidea... ), liburuak 1936ko gerreagaz Munitibarrek dauen loturearen barri dakar; horretarako, hainbat eranskinetan jasoten da aire-erasoaz informazino gehigarria: Frontean jardundako munitibartarren zerrendea, munitibarren errefuxiatutako zibilen zerrendea, hobi komunen informazinoa eta egindako deshobiraketak eta bestelakoak, izan be, liburuak, 1937ko apirilaren 26ko aire-erasoaren aurreko egunak kontau eta testuinguruan jarten ditu, jazotakoa ulertzen laguntzeko eta hurrengo egunak be jasoten ditu eragindakoaz berba eginez (bildurra, zaurituak, hildakoak zein hobiraketak.

Munitibarko herritarren parte-hartze eta ekarpen indibidualak ardatz hartuta, ahalegin berezia egin dogu liburuan jazotakoaren errelato kolektiboa egiteko. Errelatoa biribilduta dagoan arren, edegita dago etorkizuneko moldaketak jasoteko, memoria historikoak izan leikezan lanketen bidez lortutako informazinoagaz (egun haretan desagertutakoena, beste hobi posible batzuena edo liburuan jorratzen dituen hainbat atalena).

Kontuak kontu, apirilaren 23an, eguerdiko 12:00etan, Munitibarko Udal aretoan izango da aurkezpena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu