Apirilaren 23ko Liburuaren Egunaren harian, bisita gidatu berezia 'Liburuaren Arbola' erakusketara

Bizkaie! 2023-04-17 08:36

Gorka Arrese komisarioak eskainiko dau bisita gidatua, apirilaren 21ean, 12:00etan.

Euskerearen Etxeak atondu dau erakusketea, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesari esker eta, horren bidez, azaldu nahi da zer dan liburua, bai eta haren garrantzia nabarmendu be. Liburuaren zati nagusiak erakutsiko dira erakusketan, besteak beste, Letrearen anatomia, testuaren fisiologia eta liburuaren biologia. Erakusketan liburuan esku hartzen daben eragileak aztertuko dira: Idazlea, argitaratzailea, irakurlea, eta inprimategia; horrezaz gan, aldi berean, lagungarria izango da herritarrak euskal literaturara eta argitaletxeen produkzinora hurreratzeko, batez be Bizkaikora.

Erakusketea Bizkaiko zazpi udalerritan egon da: Portugaleten hasi zen; ondoren, Ondarroan, Getxon, Amorebieta-Etxanon, Zallan eta Gernikan eskaini da eta azkenik Foru Liburutegira heldu eta apirilaren 29ra arte bisitau ahal izango da.

Bisita gidatu honetarako erreserbak egiteko, deitu 94 402 80 81 telefono-zenbakira (astelehenetik barikura, 08:00etatik 20:00etara) edo bialdu mezu bat info@euskararenetxea.eus helbidera.

Liburuaren Arbola

Gizakiak sortu dauen gauza unibersalenetako bat da liburua eta beste batzuk dira, erruberea, jarlekua, artaziak, anestesia, elektrizidadea. Historiako lehen hedabide masiboa da liburua, lehenengo objektu industriala. Liburua inprimategian saldoka egiteari esker mundua bizkor aldatzen hasi zan XV. mendetik aurrera. Liburuetan esperientziak eta jakintzak alkarregaz trukatuz eta itzuliz, era askotako aurrerapenak egin ziran denpora laburrean.

Liburuaren arbola erakusketan liburuaren izakerea azaltzen da: Letrea, idazketea, diseinua, inprimaketea. Bisitariak ezagutuko dau letrek zelako anatomia daben, testuek zelako formak hartzen dituen, liburuak zein parte dituan eta zelan izentetan ditugun euskeraz. Zugatz baten modukoa da liburua: Arnasa hartzeko bidea emoten deusku, babesa, edertasunaren plazerra eta argiaren sintesia. Liburuak zure jakin-mina, pentsamenduak eta hizkuntzea oxigenetan ditu. Liburua zabaldutakoan, besarkatu egiten zaitu, zure irudimena eta inteligentzia kilikatzen ditu. Abentura bat da irakurtea, desirearen eta askatasunaren lurraldeetan barrena.

Gorka Arrese (1965, Zarautz)

Kazetaria eta argitaratzailea da. Argia, Egin, Euskaldunon Egunkaria eta Berria agerkarietan lan egin eban. Hogeita hamar urtez Susa literatura argitaletxeko editorea izan zan, 1988tik 2018ra arte. Euskal idazle askoren lehenengo liburuak argitaratu ditu, besteak beste, Harkaitz Cano, Eider Rodriguez, Kirmen Uribe, Jon Alonso, Miren Agur Meabe, Lutxo Egia, Igor Estankona, Jon Benito, Leire Bilbao, Iñigo Astiz, Jule Goikoetxea eta Beñat Sarasola. Literaturearen historiari buruzko perspektiba osoago bat izaten lagundu deutso Armiarmak

Gorka Arrese editoreak atondu dau erakusketea eta berbaldi bana egingo dau udalerri horreetako bakotxean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu