Guggenheim Bilbao Museoaren webgunea nazinoarteko Webby Awards sarietarako hautagai

Bizkaie! 2023-04-13 09:22   Kulturea

Apirilaren 20ra arte zabalik egongo da herri-botazinoa.

Guggenheim Bilbao Museoaren webgunea joan dan zemendian aurkeztu eben Museoaren 25. urteurrenaren harian eta orain nazinoarteko proiektu digitalik onenak nabarmentzen dituan Webby Awards sari entzutetsuetarako izentapena jaso dau.

Artea ezagutzea eta horrezaz gozetea ahalbidetzen dauen esperientzia digital bisual eta zoragarria eskaintzeko diseinautakoa, Guggenheim Bilbao Museoaren webgunea Kultur Erakundeen atalean dago izentauta eta herri-botazino bidez erabagiko da saria lortzen dauen ala ez. Botazinoan parte hartzeko epea apirilaren 20an amaituko da eta Webby Awards sarien webgunean emon daiteke botoa.

Guggenheim Bilbao Museoaren atal berean lehiatzen diran webguneak: Johannes Vermeer artisteari Amsterdamgo Rijksmuseum-en eskainitako erakusketea, Kopenhageko The David Collection museoa, National Gallery of Australiako Arte Indigena Trienala eta Fine Arts Museums of San Francisco.

Guggenheim Bilbao Museoak mundu zabalerea dauen erakusleiho digitala erakundearen 25. urteurrenak oinarri izan zituan balioakaz lerrokatzen da: Artea eta Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumea goratu eta balioan jartea, esker ona, inklusibidadea, eraldaketea eta etorkizunerako proiekzinoa.

Diseinu bisual eta deigarri bategaz taiututako webgune barriak interakzinoa sustatzen dau Museoaren eta bere publikoaren artean —arte zaleak, hezitzaileak, turistak, artistak, gazteak, Museoaren Lagunak eta Jarraitzaileak eta Kide Korporatiboak—, kolektibo bakotxarentzat egokitutako edukiak eskainiz. Horregaz batera, erabateko esperientzia digitalak eskaintzen ditu, bereizmen handiko bideo eta erretratu barriak, bisita birtualak eta 360º-koak, zuzeneko saioak jasoten dituenak. Webgunearen diseinu dinamikoak indartu egiten dau material audiobisuala, eskuko telefonoaren bidez be gozetako moduko lengoaia grafiko garaikideari eutsiz.

Sarietan botoa emon hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu