'Rey Desnudo & Chico Muerto' barriro Bilbon
2023-04-13 08:55 KultureaPabilioi 6ko Gazte Konpainiaren azken proiektua da.
Arriaga Antzokian eta Sopelako Kurtzio Kultur Etxean izandako ikusleen erantzun bikainari esker, bidea ez da amaitu eta orain Pabilioi 6 Aretoan eskainiko dabe Rey Desnudo & Chico Muerto apirilaren 21etik maiatzaren 7ra.
Udako gau batean, Bilbon, bat egiten dabe sexuak eta indarkeriak eta gorrotozko begirada batek sasoi guztietako sumina batzen dau.
Planetako lekuren batean, errege biluzi baten koadroak hainbat mende emon ditu ezkutatuta. Akaso, hezetasunak hondatu dau edo suak suntsitu. Segurutik, geruza bat eta beste bat, eta beste bat pintau dabe haren gainean. Beharbada, koadro hori ez da sekula existidu.
2016ko bagilaren 11ko goizaldean, zapatuan, Bilboko Casilda Iturrizar parkea gorrotozko begirada baten lekuko izan zan. Historiaren anonimotasunak lurperatutako gizon eta emakumeen kate amaiezina begirada horretan: Errubera batek persona batzuk konektetan ditu iluntasunean. Klandestinidadean. Maskulinitatean. Erromatar enperadore nerabe bat. Laurogeiko hamarkadako Tokioko gazte bat. Bilboko erdiguneko institutuko ikasle bat. Horreek guztiak konektauta dagoz indarkeriaren eta sexuaren bidez, maitasunaren eta heriotzearen bidez eta hareen bizitzak eta amaiereak 58 segundoko bideo biral batean laburbatzen dira. Zer da lizuna? Zer da zaurgarria?
Egia esan, beste gizon bat pintetan/hilten dauen gizona ez da historiara igaroko, izan be, artista anonimo aina hiltzaile izenbako dagoz eta hilketa zigorbako beste koadro galdu.
Rey Desnudo y Chico Muerto Pabilioi 6ko Gazte Konpainiaren azken proiektua da, homofobiaren eta gorroto-delituen gaiari heltzen deutsona. Horretarako, historiako benetako personaien eta Bilboko gaur egungo fikzinoko protagonisten arteko loturak sortzen ditu, filtro bako begirada edegiaren eta unibersalaren bidez. Ikusleari dinotso gorrotoaren eta indarkeriaren aurrean dauen eginkizunari buruz, baita egungo LGBTI gazteen aurreko belaunaldien legaduari buruz be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!