21.069 bisitari jaso ditu Aste Santuan Guggenheim Bilbao Museoak

Bizkaie! 2023-04-12 07:56   Kulturea

Egunik jentetsuena barikua izan da.

Aste Santuan, pasan asteko eguenetik astelehenera, 21.069 lagunek gozau dabe Guggenheim Bilbao Museoko erakusketez, hau da, egunean 5.267 bisitari hurreratu dira. Kopuru handia izan arren, 2022koa baino txikixeagoa da, izan be, igaz 3.049 persona gehiago izan ziran, Motion. Autos, Art, Architecture erakusketeak erakarrita.

Bisitarien jatorri geografikoari erreparauta, % 60 espainiar estadutik etorri dira eta nabarmena izan da Kataluniatik (% 9,4), EAEtik (% 8,3) eta Madrildik (% 7,2) etorritako lagunen kopurua. Atzerritarrei jagokenez, frantziarrak izan dira nagusi (kopuru osoaren % 11,4) eta horreen atzetik alemaniarrak (% 4,2), ingelesak (% 4,1) eta italiarrak (% 2,8) izan dira gehien. Egunik jentetsuena barikua izan da.

Urteko kopuru metatua kontuan hartuta, 2023an bisitarien erritmoa beste urte batzuetakoa baino handiagoa da. Gauzak holan dirala, urteko lehen hamalau asteetan 211.346 lagunen bisitea jaso Museoak, hau da, 2022an baino % 51 gehiago, 2021ean baino % 190 gehiago (orduan EAEko bisitariak baino ezi ziran izan mobikortasun-murrizketen ondorioz) eta 2019an baino % 33 gehiago.

Museoan sartu diran guztiek egundoko programazino artistikoa izan dabe, tartean aldi baterako hainbat erakusketaz, berbarako, Oskar Kokoschka. Vienako errebeldea (babesle bakarra: BBVA Fundazinoa), Joan Miró. Errealidade absolutua. Paris, 1924–1945, Lynette Yiadom-Boakye. Halako ilunabar bizirik eta Yayoi Kusamaren Infinituaren isla-gela obrea, baita Guggenheim Bilbao Museoko Bildumako artelanak erakusketa iraunkorraz be (babeslea: BBK).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu