Leku hoberik ez Iribarren eskulturea kokatzeko
2023-04-04 08:44 KultureaSan Mamesen alboan, Poza Lizentziatuaren eta Luis Briñas kaleak batzen dituen zabalgunean.
Jon Uriarte Athletic Clubeko presidenteak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Jose Angel Iribar lagun ebela, Iribarren omenezko eskulturearen kokapen zehatza aurkeztu dabe. Leku magikoan kokatuko dabe, San Mamesera hurreratzen diran zale zuri-gorriek gehien erabilten daben igarobidea dalako. Partidu egunetan, milaka athleticzale Pozasetik estadiora prozesinoan doazenean, zelai dotorea bidearen amaieran ikusteko aukerea izateaz gan, Iribarren omenezko eskultureak zelaigunera heltzean harrerea egingo deutse. Athleticeko edozein jarraitzailek amestutako ondoetorria.
Aurkezpen ekitaldian, monumentua eregiko dan leku zehatzean, Jon Uriarte presidenteak eskultureari buruzko zehetasun batzuk emon ditu: Alfa Arte euskal enpreseak egingo dau lana, eskulturak egiten espezializautakoa, atezainez jantzita agertzen dan Iribarren erretratu ikonikoetako bi erreferentziatzat hartuta. Athletic Clubek Alfa Arteri emondako irudi bi horreetan, Iribarren irudi dotore eta gogoangarria atzemoten da.
Brontze patinatuzko estatuak metro 2 eta 10 zentimetroko altuerea izango dau eta metro bat baino gehiagoko altuerako oinarri baten gainean egongo da. Inauguretako eguna zehaztutu barik dago baina datorren denporaldian izango da, 2023 amaitu baino lehen.
Juan Mari Aburtok, Bilboko alkateak, esker oneko berba hunkigarriak eskaini deutsoz Iribarri: Eskerrik asko Bilbon Athletic maitatzea ez dala zaletasun kontua bakarrik erakusteagaitik, kirolaren balioen aurreko identifikazino sakona baino, errespetu, laguntasun, gainditze, bardintasun, noblezia, konpromiso eta talde lanaren aurreko balioak be garrantzitsuak dirala ezgutarazoteagaitik. Zuen belaunaldiak bilbotar izakeran betirako gordeak izango diran balioak ezarri zituan.
Eguneko azken berbaldian, Jose Angel Iribar hunkitu batek omenaldia eskertu dau: Eskulturea historian zehar Athleticen elastikoa jantzi daben jokalari guztien errekonozimendu lez ulertzen dot.
Aurkezpenaren eszenifikazioak ekitaldia sinbolismoz bete daben elementu bi izan ditu: Alde batetik, etorkizuneko eskulturearen gitxi gorabeherako kokapenean egurrezko kubo bat jarri da, Athletic Cluben 125. urteurrenaren logoa dauena. Ganera, Lezamako harrobiaren ordezkaritza batek, harrobiko maila guztietako hogei bat atezain gaztek, Jose Angel Iribar babestu dau egun horretan.
Horreek guztiek, etorkizunean, erreferentziazko eskultura bat izango dabe, Athleticekoa izatea zer dan eta zer esan gura dauen gogoratzeko. Atezain bikain baten eskulturea, haren sasoiko onenetakoaren erreferentzia. Klubaren historian partidu gehien jokatu dituan jokalariarena. Baina, Jon Maia bertsolariak orain dala gitxi kantau eutson lez: Iribar handi, erraldoia da, baina ez Jose Angel bezain handi. Iribar handia da, handia, baina are handiagoa Jose Angel. Horregaitik, batez be, Athletic Clubek eta Bilboko Udalak eskultura hau oparitzea erabagi eben joan dan martiaren 1ean, 80 urte bete zituan egunean. Emon eutsen urtebetetze gutunak jasoten eban bezela: bazkideek, munduko athleticzaleek, jarraitzaileek eta maite zaituen Herriak erakusten dauen obrea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!