Barakaldoko Orconera kargategia kultura-intereseko ondasun deklarauko da
2023-04-03 08:56 KultureaEusko Jaurlaritzearen eskabideari erantzunez.
Estaduko Aldizkari Ofizialean dagoeneko argitaratu da Espainiako Gobernuko Kultura eta Kirol Ministerioko Kultura Ondarearen eta Arte Eder Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena, Barakaldoko Iron Ore CLko 5. kargategia eta 3. eta 4. kargategien hondarrak monumentu kategoriako kultura-intereseko ondasun deklaretako espedienteari hasierea emoten deutsona.
Eusko Jaurlaritzeak (portuen arloan eskumenik ez dauenak), Barakaldoko Udalak, Bilboko Portu Agintaritzeak, Euskal Herriko Meatzaritzearen Museoko Fundazinoak eta Industria Ondarearen eta Obra Publikoaren Euskal Alkarteak (AVPIOP) Espainiako Gobernuko Kultura eta Kirol Ministerioari babes-espedientea edegiteko eskatu ondoren heldu da deklarazino hau.
Eskaeran, Nerbioi itsasadarrean konserbatutako kargategiek osotzen eben multzo osoa sartzen zan baina, oraingoz, ondare-interes handia dabelako, Barakaldoko Orconera Iron Ore CL-ko 5. eta 3. eta 4. kargategiak babestu dira. Sefanitro konpainiaren kargategia eta Franco-Belga konpainiarena be kultura-intereseko ondasun deklarau behar dira eta holan eskatu jako Espainiako Gobernuko Kultura Ondarearen eta Arte Eder Zuzendaritza Nagusiari.
Lutxanako ontziralekuak
Barakaldon, Bilboko itsasadarraren ezkerreko ertzean 500 metro inguruko luzeran dagozan karga-kaiak dira gaur egun. Bilboko itsasadarreko zati bateko portuko jabari publikoaren parte dan uri-lurzoru baten gainean dagoz.
Kultura-ondarearen ikuspegitik, elementu horreek interes handiko monumentu-multzo bat dira, zamalanetako egiturak dituana. Egitura horreek, gaur egun, konserbazino eta eraldaketa-egoera asko ditue, eraikuntza eta erabilera-historiaren ondorioz. Alde batetik, Orconera konpainiaren kargategiak dagoz, egurrez eregiak; bestetik, Sefanitro S.A. enpresaren hormigoizko kargategia eta, hirugarrenik, Franco-Belga konpainiaren kargategia, bai eta itsasadarraren jatorrizko bideratze-hormea be, harlanduz eregia, eskailera eta sartzeko arrapalakaz. XIX. mendearen amaieratik eta XX. mendean zehar Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean zabaltzen ziran industria-instalazino handien aztarna urrietako bat eta horreen lekuko dira kargategiak.
Gaur egun Orconera lez ezagutzen dogun kargategi multzoa Orconera Iron Ore meatze-konpainiaren minerala kargetako eta deskargatetako instalazinoen multzoa da. Enpresa horrek lortu eban arroko mineral-produkzino handiena. Haren funtzinoa burdina-minerala ontziratzea erraztea zan, Europako siderurgietara esportetako.
Lankidetza-protokoloa
Eusko Jaurlaritzeak, Barakaldoko Udalak eta Bilboko Portu Agintaritzeak lankidetza-protokolo bat sinatu eben 2019an, Barakaldon portuko zerbitzu-eremuaren barruko mineral-kargategien balio historikoa sustatzeko. Helburua balio eta interes historiko, artistiko eta arkitektoniko handiko instalazino horreek identifikau, sustatu, birgaitua, konserbau eta jagotea da.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2023ko aurrekontuak 550.000 euroko partida bat aurreikusten dua, Barakaldoko Udalak eta Bilboko Portu Agintaritzeak Orconerako kargategia zaharbarritu deien.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!