Durangon ‘Tontolapiko Eguna’ izango da Aste Santuan

Bizkaie! 2023-03-31 10:50   Kulturea

Kataluniako Los Galindos taldeak MDR lana eskainiko dau apirilaren 7an, 21:00etan. 

'MDR' Los Galindos | Ikusi handiago | Argazki originala

Durangoko Udalak, San Agustin Kulturguneak eta Ganso & Cia konpainiak apirilaren 7ko Tontolapiko Egunaren bigarren edizinoa aurkeztu dabe. Ekimen honi esker, hiru eragileek Aste Santuko oporretan Durangon egoten dan klown espiritu klasikoari bizirik eutsi gura deutse, herritarrei zein edade guztientzako umorezko ikuskizunen maratoia eskainiz. Jaialdia eguerdiko 12:00etan hasi eta gaueko 22:00ak arte iraungo dau Aurora Abasolo parkean eta Landako Gunearen eta Plateruena Kultur Aterpearen inguruetan.

Atontzaileek azpimarratu dabe Tontolapiko Egunak erantzun bikaina izan ebala igaz, pandemiak eragindako konplikazinoen ondorioz Topaklown jaialdia bertan behera geratu ostean. Horregaitik, Durango Aste Santuan umorerik eta pailazokeria barik ez dala geratuko ziurtatu dabe arduradunek. Horretarako, igazko bost ikuskizunetan ez bezela, aurten eskaintzea handitu egingo da, edade guztietarako eta doban egingo diran zazpi ikuskizun aurreikudi baititue, horreen artean, Los Galindos konpainia kataluniar mitikoak eskainiko dauen ‘MDR' ikuskizuna nabarmentzen da.

Ikuskizun guztiak Aurora Abasolo parkean eta inguruetan eskainiko dira eta atontzaileen eretxiz, Tontolapiko Eguna danok nahikoa errubako garela gogoratzeko jai egun bat izango da. Antzerki maratoi bat eskaini nahi dogu, eszenatoki baten gainean kokolarena egiteko modu asko ikusi eta gozetako. Gure gizatasuna agirian ixten daben personaiak, gure alderik oinarrizkoena eta primarioena, bateren batek banana baten azalagaz irrist edo laban egiten ikustean barre egiten dauen norbanako hori azaleratu nahi dogu. Ganera, eguneko txango bat egiteko plan atsegin bat eskaintzea da asmoa bisitari bakotxari gehien interesetan jakozan formatuak hautatzeko.

Egitaraua

12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara - Adrián Conde “La Petite Caravane” (Asturias) - 20 minutuko paseak:

1900. urte hasierako antzokietan girotuta, antzerki txiki honek askotariko saioak hartu leikez: Magia, txotxongiloak, antzerkia edo film laburrak... "La petite caravane" da antzokirik txikiena. Saio bakotxean 25 personak baino ezin izango dabe parte hartu.

12:30 Parena Konpainia “Siroko” (Nafarroa):

Klown eta bufoi estiloak nahasten dituan kaleko ikuskizuna, dibertiduteko gogoa daben publiko guztientzat. Dinoenez, haize batek erotu egin zituan eta horregaitik deitzen jake Siroko.

18:00 La Nordika Cándido (Andalucía):

Zirku ipuin bat da. Candido protagonistaren samurtasunetik eta sinpletasunetik kontatutako istorioa. Zirku batean lan egiten duen personaia bat, bere ikuspuntu berezitik, gauzen beste aldea erakusten deuskuna.

19:30 Tontolapiko Kabareta: Klown kabaretaren 3 pieza labur:

· Bea Egizabal (Gipuzkoa).

· Badut Taldea (Gipuzkoa).

· Noche dieguez (Aragón).

21:00 Los Galindos MDR (Katalunia). 12 urtetik gorakoentzat. Edukiera mugatua. Sarrerak Aurora Abasolo parkeko informazino standean egun berean 12:00etatik aurrera.

Los Galindos konpainia Zirkuko poetika eta imaginario fantastikoak inspirauta sortu zan 1991n. Konpainiak Premi Nacional de Cultura 2016 saria irabazi dau, hogeita bost urteko ibilbideari eskainia eta, 2021ean, MDR obreari esker, Zirku Jaialdi Onenari Saria, Premi Zirkólika Especial del Jurat eta Valladolideko TACen Publikoaren Saria jaso ditu.

Bidebakokeria suntsitzailearen sentimenduak eta desoreka global ikaragarriak jota, justiziaren arbitrariotasuna dudan jarri nahi dabe, eszenako personaia eta zirkuko biztanle legez.

*Ikuskizun hau San Agustin Kultur Gunearen 25. urteurreneko ekarpena da. Gainera, animazinoz, musikaz (The Farra Marching Band - Araba), foodtruckez (Kemekomo - Bizkaia) eta bestelakoez gozau ahal izango da egunean zehar.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu