New Yorkeko Guggenheim Museorako beka programan izena emoteko epea zabalik da

Bizkaie! 2023-03-30 08:44   Kulturea

EAEko gazteei zuzendutako bekea da.

Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim Museoek EAEko lau gaztek New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en esperientzia profesional bat izateko aukerea eskaintzen dabe beka programa honen bederatzigarren deialdiari esker. Aurtengo edizinoa presentziala izango da eta urria eta abendua bitartean egingo da. Izena emoteko epea apirilaren 24an amaituko da eta hautatutako gazteek 4.000 dolarreko diru-laguntza jasoko dabe.

EAEko ikasleei zuzendutako udagoieneko beka programa honek esperientzia profesionala eskaintzen dau arteagaz eta museoen jardunagaz zerikusia daben gaietan trebatzeko New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museumeko hainbat arlotan. Praktikaldiak graduau barri diran ikasleei zein graduaren azken urtea edo graduondoko ikasketak egiten dabizen ikasleei zuzenduta dagoz, baldintza bi honeek beteten baditue: EAEn jaioak izatea edo bertan bizitea 2021eko urtarrilaren 1etik eta ingeles-maila altua izatea, ahoz nahiz idatziz. Ondokoak dira izena emon leikienak: graduau barri diran ikasleak (2020–2021 ikasturtetik aurrera graduautakoak), graduaren azken urtean dagozanak edo graduondoko bat ikasten dabizenak. Praktikak aurten presentzialak izango dira aurreko hiru edizinoetan ez bezela, pandemiak eragindako murrizketakaitik online izan ziran eta. Hainbat arlotan lan egiteko aukerea eskaintzen dabe, besteak beste, arte-ardurea, erakusketen diseinua, hezkuntza, komunikazinoa eta hartu-emon publikoak. 

Praktikaldiak irauten dauen bitartean ikasleek banakako proiektu bat landu beharko dabe, bileretan parte hartuko dabe eta praktikaldia egiten dabizen arloari jagokozan jarduerak bete beharko ditue; eta esperientziaren osogarri, bisitaldiak egingo ditue erakusketa-aretoetara, bilduma pribatuetara, enkante-etxeetara eta uriko beste museo batzuetara.

Ikasleentzako bekeak bai artista hasibarrientzako egonaldi-programea 2014ko abenduan Guggenheim Bilbao Museoak eta Solomon R. Guggenheim Foundation-ek proiektu barrien bidez erakunde bien arteko loturea sendotzeko sinatutako Kudeaketa Akordioaren barritzearen parte dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu