Eduardo Chillidaren Ondorengotzeak haren eskulturen katalogoaren 4. liburukia argitaratu dau

Bizkaie! 2023-03-24 08:52   Kulturea

Mendeurrenaren testuinguruan plazaratu dabe.



Hamar urtetik gorako lana amaitu dogu laugarren liburuki hau argitaratuta eta, ziurtasun osoz, Eduardo
Chillidaren eskulturen ganeko lan handia da. Katalogo arrazoitua osotzen daben lau liburukietan produkzino zabala topau geinke, katalogautako 1.400 eskulturaz baino gehiagoz osotua
, aitatu dau Ignacio Chillidak, eskultorearen semeak. Harek egin dau katalogoa, Eduardo Chillidaren Ondorengotzako Alberto Cobogaz batera.

Chillidaren Ondorengotzearen zuzendaritza zientifikoagaz egin dabe katalogoa eta, Coboren eretxiz, aldi honetan zehar Chillidak egindako eskultura guztiak identifiketako aukerea emoten dauen dokumentazino eta analisi-lan historiografiko zorrotzaren eta zabalaren emoitzea da. Christa Lichtensternen (artearen historialari ospetsua eta Eduardo Chillidaren lanean eta pentsamenduan espezialistea) testu batek aberasten dau katalogazino-lana eta artista unibersal honen planteamendu estetikoak argitzen laguntzen dau.

2.000 orrialdetik gorako azterlana

Aurreko hiru liburukietan hasitako lanari jarraipena emon deutso liburuki honek; aurreko liburukietan, 1948 eta 1990 arteko haren lanak aztertzen dira. Danetara, katalogo honek 2.000 orrialde baino gehiago ditu. Sustraiak Euskal Herrian zituan eta haren eskuekaz mundu osoko zerumugak besarkatu zituan
artistearen ibilbide osoa batzen dabe orrialde horreek. Chillidaren eskultura-lanen ibilbideko 1.400 eskultura eta 1.873 ilustrazino topau leikez irakurleak. Azken liburukiak Christa Lichtensternen testua dakar, Aurreko hirurek, barriz, Eduardo Chillidaren lanaren eta pentsamenduaren ganeko espezialistek idatzitako sarrera-testua dabe, hain zuzen be, Kosme de Barañanok, Ina Buschek eta Renato Bocchik.

Katalogo arrazoitu batek artista baten lanaren corpusa egiaztatu, finkatu eta haren egiazkotasuna ziurtatzen dau. Lan hau mendeurrenaren ospakizunaren testuinguruan dator eta lagungarria izango da haren lanera zorroztasunez hurreratzeko, esan dau Cobok. Argitalpen hau oso tresna baliogarria da haren lana aztertzeko. 2024ko urtarrilaren 10ean, 100 urte beteko leukezan eskultorearen irudia eta lana ospatzen dituan Eduardo Chillida 100 urte efemeridearen barruan argitaratu dogu eta artisteari egin geinkion autorpenik handienetako bat da, adierazo dau Ignacio Chillidak.

Kutxa Fundazinoko zuzendari nagusia dan Ander Aizpuruaren eretxiz, Kutxa Fundazinoari oso lotuta dagoz Eduardo Chillida eta haren lana, Chillidak egin ebalako haren logo berezia. Hori dala eta, katalogo arrazoituaren proiektuan egon gara hasieratik eta Gipuzkoako eskultore handi honen lana ezagutzeko erreferentziazko bilduma honetan parte hartu dogu; XX. mendeko artista nagusietako bat da Chillida.

Mendeurrenaren ospakizunaren harian, 2023an hainbat konferentzia eta jarduera izango dira hemengo eta kanpoko museo eta zentroetan. Orain hamarkada bi eskultorearen lanaren ezagutzan sakontzeko eta haren ikerketa eta dibulgazinoa sustatzeko eratutako Eduardo Chillida - Pilar Belzunce Fundazinoak bultzatuta, haren lana, balioak, sensibilidadea eta arte garaikideari egindako ekarpenak zabaltzeko aukerea izango da Chillidaren urteurrena.

Ignacio Chillida

Eskultorearen semea. Grabatzaile lanak egin izan ditu eta Eduardo Chillidaren lan grafikoa egiteaz arduratu zan 1978-2001 artean. Ondoren, Chillida Lekuko eta Eduardo Chillidaren Ondorengotzako Obra eta Artista Sailaren zuzendaria izan da.

Alberto Cobo

Zientzia Politiko eta Kudeaketa graduondoa egin eban lizentziaduna Pompeu Fabra Unibersidadearen eskutik eta hortxe bertan Eduardo Chillidaren lanean eta haren katalogazinoan espezializauta dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu