Julen Apella berriztarrak irabazi dau Donostia Kultura VI. Poesia Lehiaketea

Bizkaie! 2023-03-22 10:05   Kulturea

Postal bat desertuan obrea saritu dau epaimahaiak.

Poesiaren Nazinoarteko Egunean, idazle gazteei zuzendutako Donostia Kultura Poesia Lehiaketearen seigarren edizinoaren sari banaketea egin da Udal Liburutegi Nagusiko Mandasko Dukearen aretoan. Aurtengo saritua Julen Apella Santamaria (Berriz, 1998) da, Postal bat desertuan obreagaitik.

Euskal ikasketetan graduatua da Euskal Herriko Unibersidadean (UPV/EHU) eta Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak Masterrak egin zituan unibersidade horretan. Gaur egun euskera irakasle dabil lanean eta literaturearen arloan hauxe da argitaratuko dauen lehen lana.

Hona hemen epaimahaiaren balorazioa (Eli Tolaretxipi, Itxaro Borda eta Aritz Gorrotxategi):

Ahots gazte baino sendo bat dago liburuan, erreferentzia eta eragin ugari erakusten ditu. Bikain buztartzen ditu metaliteratura eta kritika soziala, berbakera landuz eta irudi iradokigarriak erabiliz, gogoeteari bideak edegiz. Belaunaldi baten ahotsa baina aldarrikapena eta munduari modu kritikoan begiratzeko jarrera lirismoz lantzen dau. Poema askotan bat egiten dabe egunerokotasunaren ajeek eta paisajeak eta liburuari osotasuna emoten deutsen zenbait osogai erabilten ditu: Zapatak, oinak, bidea, hegoak, mobimentua, denporea, erlojuak.

Poesia lehiaketa honen sari ekonomikoa 1000 eurokoa da; horreaz gan Imanol Larrinagaren margolan bat erregalau jako eta Balea Zuria argitaletxeak aitatutako poemarioa argitaratuko dau. Gainera, bagilean egingo dan Poesia eta Pentsamendua saioan Julen Apellak bere poemak errezitau ahal izango ditu.

Donostia Kultura Poesia Lehiaketea

Euskerazko poesia zabaldu eta 35 urte bete barik dituen idazleen lanari bultzadea emoteko asmoz sortu genduan Balea Zuria argitaletxeagaz batera lehiaketea. Eta daborduko badakarz ondorioak.

2018an, saria Esti Martinez Diaz de Ceriok irabazi eban Azalberritze bat lanari esker.

Bigarrena 2019an egin zan eta Gorka Salces Alcaldek eskuratu eban sari nagusia Iraganaren izterrak obreari esker; finalista izandako Elena Olave Duñabeitiaren Zeldak poema-liburua be plazaratu eben.

2020an, Lizar Begoña Madariagak irabazi eban Aro beilegia poema liburuari esker.

2021ean, Maialen Berasategi Catalanek jaso eban sari nagusia Eskuan beti zerbait lanagaitik eta Mikel Arruabarrena Larrarteren Kardaberak zementuan liburua be kaleratu eben.

2022an, Izaskun Igoa Jaimerenaren Hotza bazkatzen saritu eta argitaratu eben.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu