Maiatzaren 25ean Afrikaren Eguna diasporan ospatzea errazagoa izango da

Bizkaie! 2023-03-22 07:52   Kulturea

Afrika Eguna, harrotasuna Bilbo Mulisol alkarteak 2018an sortutako ekimena da.



Afrikaren aldeko alkarteek bultzatutako giza eskubideen, bardintasunaren, aniztasunaren eta arraza-diskriminazinorik ezaren aldeko kontzientzia kritikoa eta herritarren mobilizazinoa sortzeko jardunaldiak atontzea sustatzen dauen proiektu komunitarioa da.

Bilboko Udalak eta Mulisol-ek lankidetza-hitzarmena sinatu dabe Afrika Eguna, harrotasuna Bilbo ospatzeko. Gobernu Batzordean onartutako erabagiaren bidez, Udalak diruz lagunduko dau gomuta eta jai-erreferente garrantzitsu horren programazino artistikoa eta komunikazino-jarduerea.

Afrika Eguna, harrotasuna Bilbo proiektua Mulisol alkarteak sortu eban 2018an, maiatzaren 25a, Afrikaren Eguna, diasporan ospatzeko. Ospakizun hori 1963an hasi zan, Afrikako estaduetako 32 buruzagi Addis Abeban batu ziranean Afrikako Batasunaren Erakundea (ABE), gaur egun Afrikako Batasuna (AB) dana, osotzeko. Ordutik, egun hori Afrikako Munduko Eguna bihurtu da. Ospakizun horrek kontinentearen lorpenei egiten deutse erreferentzia eta Afrikak hurreko etorkizunen izango dituan erronkei eta desafioei buruz hausnartzera konbidatzen gaitu.

Afrika Eguna, harrotasuna Bilbo 2021ean finkatu zan, Afrikako diasporako NOVISI, OGANILLU (Euskadiko Igbos Komunidadea), IRDAS (Saharaz Hegoaldeko Afrikaren Garapenerako Itzulketarako Ekimena) eta partzuergoaren buru dan MULISOL (Mundu libre eta solidarioa) alkarteakaz hiru urtez lan egin ondoren. Giza eskubideen, bardintasunaren, bizikidetza baketsuaren eta aniztasunagazko eta arraza-diskriminazinorik ezagazko interakzinoaren aldeko kontzientzia kritikoa eta herritarren mobilizazinoa sortzeko eta Afrika eta bere diasporea modu positiboan ikusarazoteko jardunaldi soziokulturalak sustatzen dituan proiektu komunitarioa da. Garapenerako Nazinoarteko Lankidetzearen eta migratzaileakazko esku-hartze sozialaren eremuko hainbat erakundek alkarlanean dabiz talde eragilearen garapenean.

Ospakizuna maiatzaren 25etik 27ra izango da eta programazino zabala izango dau, bai Itsasmuseumen, bai Museoaren zabalgunean bertan. Proposamenak egitarauko jardueretan parte hartzera konbidatzen ditu herritarrak. Besteak beste, berbaldiak eta mahai-inguruak, arte, artisautza eta moda erakusketak, desfileak, jantza jarduerak, perkusinoa eta afro kontzientzia batuko ditu.

Gastronomiak leku nabarmena izango dau eszenatoki gunean (Euskalduna zubiaren azpian) egongo diran postuen artean.

Afrika Eguna plataforma bikaina da estilo askotako musika eta musikari afrikarren kartela programetako. Parrilla musikalak hemengo zein kanpoko artistak batzen ditu eta, ganera, protagonismo berezia emoten jake Afrikako eta XXI. mendeko Bilboko kultura-aniztasuna balioesten daben bertako artistei.

Bilbo Kulturarteko Uria III. Plana

Afrika Eguna Proiektua aurretik be diruz lagundu izan da eta 2023an, lehenengo aldiz, hitzarmena sinatu da, programeak Bilboko Udalaren kulturartekotasunaren arloko udal-politikan dauen lekua kontuan hartuta, Bilbo Kulturarteko Uria III. Planaren bidez. Plan horren arabera, gizartearen parte-hartzea da lehentasun estrategikoa eta oinarrizko elementua da Bilbo kulturen arteko uri lez garatzeko, gizarte-eraldaketearen ondorioak betiko antzean dagozala eta bizikidetzea benetan hobetzen dala bermatzeko.

Bilbo Kulturarteko Uria III. Planak ekintza honegaz lotutako esku-hartzeko hiru eremu ditu: Auzoak; kulturea, kirola eta aisialdia; eta espazio publikoa.

Bestalde, Bilboko Mulisol alkarteak bardintasunaren, atzerritar jatorriko personen integrazinoaren, kulturartekotasunaren eta arrazakeriaren kontrakoo burrukaren sustapena eta sensibilizazinoa lantzen ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu