Bizkaiko Historiaren ibilbidea kartel adierazgarrien bidez Ondare Aretoko 'Hormetan' erakusketan

Bizkaie! 2023-03-21 07:57   Kulturea

Maiatzaren 27ra arte 1975ean hasitako Bizkaiko kartelei buruzko erakusketea da.

Alex Oviedo. Lorea Bilbao eta Kike Infame | Ikusi handiago | Argazki originala

Hormetan, Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko Ondare Aretoan zabaldutako erakusketeak gure historia barri-barrian zehar egindako ibilbide bat eskaintzen dau, gure kaleetako hormetako irudien bidez hasi eta ondoren mobikorretako pantailetako irudien bidez kontauta. 1975etik gaur egunera arte, kartelak momentu bakotxeko errealidadera egokitu dira eta azken lau hamarkadetan bizi izandakoaren kronista mutu bihurtu dira.

Lorea Bilbao Ibarra Euskera, Kultura eta Kiroleko diputaduak Ondare Aretoan maiatzera arte izango dan erakusketea aurkeztu dau, Kike Infame eta Álex Oviedo erakusketako komisarioakaz batera.

Diputaduak azaldu dauenez, Orain be gure historiaren zati bat dakargu, kartelen erakusketa bat da baina horreetako bakotxa bizi izan dogunaren garaiko flash-ak dira. 1975.urtetik gaur egunera arte gure uri eta herriko Hormetan ikusi ditugun aldarrikapenak, iragarkiak, deialdiak...

Erakusketan kartelak dira nagusi eta horreek diseinau dituen egileak. Lagina 1975ean hasi eta gaur egunera arte heltzen da. Lau arlo dira oinarri: Politikoa eta soziala; komertziala; kirolekoa eta kulturala. Hormetan erakusketan, sasoi askotako kartelen 60 erreprodukzino eta jatorrizkoen hogeita hamar donazino dagoz. Kartel horreen artean, Néstor Basterretxearen senitartekoen erakusketarako lagapenak nabarmentzen dira, Ama Lur filmaren 1968ko kartelak eta azken lanetako bat, Bermeoko artisteak kartelaren historian izan dauen zeregin garrantzitsua erakutsiz.

Nabarmentzekoak dira Erramun Mendibelandak itxitako jatorrizko lanak, izan be, antzerkiaren bidez eta txotxongiloen munduaren bidez egile horrek kultureagaz dauen konpromisora hurreratzen gaitu. Deigarria da Mari Puri Herrerok itxitako linotipia: Haren 14 kopia baino ez dagoz eta egileak 1978an Mari Jaia personaia agurtu eban, Aste Nagusiaren arima lez jarraipenik izango ez ebala pentsauta. Juan Carlos Eguillorren Bilboko Jaietarako obra enblematikoakaz batera egongo dira biak. Sortzaileak Aste Nagusiko 1978ko eta 1987ko kartelak egin zituan eta diptiko bat be bai erakusketan egongo dana. Sasoi horretan jarraituz, Joseba Prieto dago, zinema munduko erreferentea da bera Pedro Olea zuzendari bilbotarragaz izan dauen lankidetzeagaitik, izan be, Oleak Prietoren lan batzuk itxi ditu Ondare Aretoan erakusteko.

Euskal artistek etenbako presentzia izan dabe kartelismoan. Horixe da Ibarrola familiaren kasua. Albertok, Joxek eta Naiel Ibarrolak produkzino artistiko garrantzitsua jorratu dabe inguruan, Hormetan erakusketan islatzen dana.

Politikearen arloan, Bittor Allendek, EMK taldeko kideak, talde horren kartel garrantzitsuenetako batzuk, Álvaro Gurreagaz batera egindakoak, erakusten ditu.

Era berean, Jabi Ubiernak 80ko hamarkadan ezker abertzalearen karteletan parte hartu eta Euskal Herriko Kartelak entziklopedian 90ko hamarkadan egindako lanaren adibide batzuk ikusi geinkez.

David Abajo arte grafikoak finkatu ziran sasoian ordezkari bikaina da eta kartel komertzialak gure historian izandako garrantzia erakusten dau hainbat posterretan.

Kartelak eta tauromakia nahikoa lotura egon dira: Espazio horretan Luis García Campos nabarmentzen da, eta jatorrizko kartel batzuk ikusi ahal izango ditu bisitariak, Isabel Isusi alargunari esker.

Kulturea eta musikea Hopper-Ink lako balio sendotuek irudikatzen dabe. Balio horreek Guggenheim edo Vudumedia-ko gauen grafikoa landu dabe, joaneko eta oraingo umoreagaz nahasten dauen proposamen originalagaz. Horrezaz gain, belaunaldi barrien lana ikus be ikusi geinke, besteak beste,  Smoke Signal Studio-ren Markel Urrutiarena.

Erakusketearen osogarri, bibliografia azpimarratu daiteke, gure kartelismoari buruz egindako liburuak konsultetako aukerea emoten dauena, bai eta kartel bizidunen proiekzino bat be, komunikabideek joaneko papeletatik gaur egungo markesinetara, esaterako, izan dauen bilakaerea dokumentetako.

Joan dan abenduan Kike Infame-k eta Álex Oviedok Hormetan, Kartelak Bizkaian/Carteles en Bizkaia liburua argitaratu ebenetik sortu zan erakusketea eta, holan, laginaren ezinbesteko katalogo bihurtu da. Erakusketeak, gainera, jardueren, berbaldien eta tailerren programa bat izango dau, euren bizitza eta sormena kartelei eskaini deutsenen errealidadean sakondu ahal izateko.

Hormetan erakusketa Bizkaiko Foru Aldundiaren Ibiltari programearen barruan dago; beraz, erakusketa ibiltaria izango da eta Euskal Herriko hainbat udalerritan bisitau ahal izango da.

Hormetan erakusketari buruzko tailerra eta berbaldiak

Erakusketak iraungo dauen hile bietan kartelismoari buruzko informazinoa osotzeko programazinoa egingo da:

Lehenengo berbaldian, autore beterano batek nazinoarteko proiekzinoko artista bategaz berba egingo dau Kartelak. Atzo eta gaur izenburuko barriketaldia Bittor Allende eta Raisa Alavak eskainiko dabe apirilaren 20an 18:30ean, moderatzaileak Kike Infame eta Álex Oviedo izanik.

Maiatzaren 13an 17:30ean Jaiak. Kartelak eta postalak familia-tailerra izango da eta dinamizazinoa Detalleres eskutik.

Maiatzaren 18an, arratsaldeko 18:30ean, Pechakucha, Higinia Garay, Ane Pikaza, Crisiscreativa eta Cuchillo artistakaz eskainiko da. PechaKucha aurkezpen-formatu bat da; hainbat sortzailek modu sintetikoan erakusten dabe euren lana eta hausnartu eta eretxiak eta informazinoa trukatzen ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu