Bilbok Grand Départ Pays Basque 2023rako atzera kontaketeari ekingo deutso
2023-03-20 12:19 KirolaMartiaren 22an, Tourraren hasierara arteko ordu, minutu eta segundoak zenbatuko dituan Tissot erlojua martxan jarriko dabe.
Christian Prudhomme, Juan Mari Aburto, Bingen Zupiria eta Elixabete Etxanobek 2023ko Frantziako Tourraren hasierara arte falta diran egun, ordu, minutu eta segundoak zenbatuko dituan Tissot erlojua martxan jarriko dabe udaletxearen aurrean. Ekitaldia Kalakan eta Bilboko Koral Elkarteak girotuko dabe.
Ondoren, ordezkari taldeak uritik zehar ibilbide bat egingo dau eraikin enblematikoenetako batzuk horiz argiztatzen joango diralarik ondotik igarotean. Ibilbidea San Mames estadioan amaituko da eta ho Athletic Clubek harrera berezia egingo deutse.
Momentu gogoangarriena izango da 100 eguneko atzerako kontaketea. Frantziako lasterketako ordezkari taldeak, Christian Prudhomme zuzendaria buru, jai giroan gizartearen parte hartze aktiboa sustatzea eta Euskadirentzako momentu historiko honetan mundu guztia partaide sentidu daiten helburu daben hainbat ekitalditan parte hartuko dau.
Martiaren 22an, 19:30ean, Bilboko udaletxe aurreko plazan, Christian Prudhomme lasterketako zuzendari nagusia, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Elixabete Etxanobe Herri Administrazino eta Erakunde Hartu-emonetarako foru diputadua batuko dira, lasterketea hasi arteko atzerako kontaketea egingo dauen Tissot erlojua martxan jarteko botoi erraldoia sakatzeko.
Kronometroa Tourreko beste ikur baten ondoan egongo da: Lasterketako zuzendariaren Skoda auto gorria. Kalakan hirukoteak eta Bilboko Koral Alkarteko abesbatza guztietako 150 kide inguruk, zapi horiak lepoan dituela, 20 bat minutuko kontzertuagaz girotuko dabe ekitaldia.
Zeremonia honetan, Aznar eraikinean (udaletxearen aurrean, itsasadarraren beste aldean) 13 X 10,6 metroko maillota argiztatuko da eta, jarraian, udaletxeko fatxadea horiz argiztatuko da.
Ospakizunak uriko erdigunetik, udaletxetik Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregira eta hortik San Mames estadiorainoko bidean jai girorik ez da faltako.
Ordezkari taldea igarotean, horiz argiztatuko dira uriko eraikin esanguratsuenetako batzuk, besteak beste, Bizkaia Torrea, Foru Jauregia (puntu honetan geldialdi bat egingo da, oraingoan, Bilboko Koral Alkarteko ikasleek eskainiko daben kantaldia entzuteko) eta San Mames estadioa, izan be, Christian Prudhommek Athleticen maillota jasoko dau, erakundearen 125. urteurrenekoa, Jon Uriarte presidentearen eta Garazi Murua eta Iker Muniain lehen taldeetako kapitainen eskutik. Miribillako Bizkaia Frontoia be argiztatuko da.
Athletic Club
125. urteurrenean, Bilboko taldeak, Frantziako Tourraren urtekerea Bilbotik izango dala gogoan hartuta, txirrindularitzako erropen bilduma esklusiboa aurkeztu eban joandako Gabonetan. Joan dan mendeko 20ko hamarkadan izan eban txirrindularitza sailari omenaldia egiten eutson bildumeak; atal horrek palmares bikaina lortu eban bere bizitzako lehen urteetan. Bildumeak dituan maillot bietatik, zuri-gorria, Athleticen kolore tradizionalak eta Klubaren ezkutuak dituan maillot-a izango da Garazi Muruak eta Iker Muniainek Christian Prudhomme Frantziako Tourreko zuzendari nagusiari emongo deutsenaa.
Tissot
Tissot, Frantziako Tourreko Kronometratzaile Ofiziala, datorren garagarrilaren 1eko Frantziako Tourreko Urtekera Handirako 100 egunen atzerako kontaketea markauko dau, Bilboko udaletxearen aurrean jarriko dan erloju baten bidez. 100 egun kirol ekitaldi zoragarri hau ospatzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!