Antzerkiaren Mundu Eguna LGTBIQ+ Harrotasunaren Egunaren ospakizun aurreratua Bilbon
2023-03-20 09:54 KultureaO futuro é ancestral eta La suerte Bilbon.
Martiaren 27an, Antzerkiaren Nazinoarteko Eguna dala eta, Bilboko La Fundición Aretoak LGTBIQ+ harrotasunaren eguna aurrez ospatuko dau. Horretarako, nortasun ezbardinei ahotsa emongo deutsen arte eszenikoetako ikuskizunak eskainiko ditu. Bezperan, martiaren 26an, domekan, Sine Qua Non Art frantziarren O futuro é ancestral jantza eta performance arloko lana, egongo da ikusgai. Aldiz, hurrengo astegoienean (apirilak 1 eta 2), antzerkia eta La Suerte antzerki-lana egongo dira ikusgai. Bikote homosexual batek egindako adopzinoaren inguruan Pérez&Disla valentziarrek atondutako autofikzinoa da.
Begirada gurutzatuak / Miradas cruzadas programeari esker etorri da Sine Qua Non Art taldea, izan be, programa horri esker, urtero, Euskadiko jantza-konpainia profesionalek Europan emonaldiak eskaintzeko aukerea izaten dabe eta atzerriko ikuskizunak ekarten ditue Bilbora. Frantziako taldeak ibilbide luzea egin dau bere herrialdean eta lehen aldiz aurkeztuko dau Euskadin O futuro é ancestral lana. Frantziaren eta Brasilen artean egindako koprodukzinoa da eta entzute handiko aretoetan ikusgai egon da orain arte (Pariseko Chaillot Antzoki Nazionalean, esate baterako). Potentzia bisual handia eta jantzatik baino ia instalazinotik hurragoko proposamena da. Mitologia klasikoko titanen eta uri handi inhumanoetako gaur egungo biztanleen arteko paralelismoa finkatzen dau. Biluzik dagozan hiru gorputzen gainean egindako body arteko lan zorrotza mobimenduan dagoan eszenografia koloretsu bihurtzen da; hiru personaia deigarri plastikoz eta zementuz betetako egungo izurriaren artetik aurrera egiten saiatzen diraneko performancea-adierazpena.
Bestalde, La suerte da Jaume Pérez eta Juli Disla bikoteak osotzen dauen Pérez&Disla antzerki-konpainairen azken lana. 2014an, alkarrekin lanean hasi eta hiru urtera, Max sarietarako izentapena (La gente lanagaitik egile barrien sarietarako) eskuratu eben. Orain, La suerte lanean, biak bihurtu dira sortzaile eta dramaturgo, antzezleak izateaz gan. Ezkondutako bikote homosexual batek egindako adopzinoari buruzko benetako esperientzia kontetan dabe lanean: Emozinoak eta bizitza oinarri dituan abenturea da, baita bide administratibo eta judizial luzea be. Bide horretan, edade txikikoaren onurea dago beste edozein interesen gainetik eta horren helburua familia bat osotzea da; filiazino biologikorik ez dauen, baina filiazino afektiboa dauen familia da eta, kasu honetan, ganera, homoparentala eta arrazartekoa be bada. Horren helburua da adopzinoaren inguruko antzezpen positiboa egitea, fikzinoan ohikoa izaten dan moduan, gatazka-iturri aurkeztu beharrean.
Ikuskizun bietarako sarrerak dagoeneko salgai dagoz Kutxabank sarean online eta leihatilan, 14 euroan (+ gastuak). Dana dala, online saltzen diran lehen sarreretarako 7 euroko sustapen berezia dago. Bestalde, kargu osogarririk barik eta antzerki-denporaldi honetan La Fundación Aretoan ohiko bihurtzen dagoan moduan, emonaldiaren ondoren, ikusleek garagardao-botilak izango ditue eskuragarri, Bilboko Oro markearen alkarlanari esker.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!