Bizkaiko meatzaritzearen historian emakumeek izandako protagonismoa omendu dabe

Bizkaie! 2023-03-17 11:59   Kulturea

Burdinezko emakumeak: historia eta memoria proiektuaren barruan dagoz jarduerok.



Abanto-Zierbenako Euskal Herriko Meatzaritzearen Museoan gaur inaugurautako plaka eta erakusketaz (Meatzaldeko herrietan zehar ibiliko dana eta, azkenik, aitatutako museoan kokatuko dana) gan, argitalpen bat plazaratu dabe. Ekimen honen izenburua Burdinazko emakumeak: historia eta memoria da.

Ekimena Batzar Nagusiak erakundeak aho batez adostutako agindua dau jatorri eta Historian doktorea dan Pilar Pérez Fuentesen laguntzea jasoten dago. Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Inklusinoa eta Bardintasuna Sustatzeko foru diputaduak plakearen gaineko ohial edo telea kendu dau inguruko hainbat alkateren presentzia be izan dauen ekitaldian.

Laespada diputaduak adierazo dauenez, Bizkaiko meatzaritzearen historian eta gure Lurralde Historikoko langileen eta sindikatuen mobimentuaren sorreran emakumeen errealidadea ezkutuan egon da eta gizonen istorio epikoa kontau deuskue eta kontetan deutsagu alkarri. Gizon protagonistak meategietan lanean; gizon protagonistak sindikatuetan, alderdietan, udaletan, meategien jaube ziran enpresetan; grebak geldiarazoteko heldu ziren armadetan, gizonak gobernu zibiletan eta gobernu militarretan, gizonak, gizonak, beti gizonak. Eta, bai, holan izan zan. Baina ez gizonak bakarrik. Epika eta aldaketa historikoaren hamarkada hareetako protagonistak ez ziran bakarrik gizonak izan.

Laespadaren eretxiz, isilean egon dan hori zabaltzea da egin behar doguna eta hori da itsasadarrean itsasontziak indarrez atoian eroiezan zirgarien irudiagaz egin dana Bilbon multzo eskultoriko bat eskainiz. Zirgariak Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k emoten dituen bardintasun-sarien protagonista dira urtero. Esangura horretan, burdinezko emakumeak meategietan lan egin eben nahiz eta gitxi izan; baina eurek eregi zituen etxeak, personentzat baino gehiago animalientzat pentsauta egozala emon arren.

Omenaldi hau burdinezko emakume hereei egiten jake. Burdinezkoak ziran, burdinaren meatzaritzeak markautako lur batean bizi, sufridu eta hil ziralako. Eta burdinaezkoak, aldi berean, emakume indartsu burrukalariak izan ziralako, mineral hau bezain erresistenteak.

Gaur goizean Gallartan egindako ekitaldian Pilar Pérez Fuentesen berbaldia be izan da.

Burdinezko emakumeak: historia eta memoria izeneko proiektu honetarako aitatutako Meatzaritzearen Museoaren (argazki-artxiboak eta objektuak) eta AHOAren (ondare immaterialaren artxiboa, erakusketan garai haretan bizi izan ziran azken personei egindako alkarrizketen audioak be egongo diralako) laguntzea jaso da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu