Enkarni Genuak Manuel Lekuona 2022 saria jaso dau
2023-03-17 10:00 KultureaEuskal kulturari egindako ekarpena autortu deutse.
Donostiako udaletxeko Udalbatza aretoa txiki geratu da Enkarni Genua antzerki-sortzaile eta idazleari Manuel Lekuona 2022 Saria emoteko.
Eneko Goia uriko alkateak ondoetorriaia egin ondoren, Rosa Martínez txotxongilolariak gidatu dau ekitaldia. Ondoren, Mikel Arregik, Euskarabidea - Euskerearen Nafar Institutuko zuzendariak, irakurri dau epaimahaiaren izenean erabagia.
Ana Urkiza, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria, hasi da gogoratzen lehen aldia dala sari hori sortzaile eszeniko batek eskuratzen dauela. Halan da be, Eusko Ikaskuntzaren lehen etapan, euskerazko sorkuntzea sustatzeko asmoz, txotxongiloentzako lehiaketak atondu zituan, bere garai horretan ekimen oso barritzailea izanik. 1971tik Enkarni eta Manolo Gómez senarra euskerazko txotxongilo antzerkia egiten dabizela nabarmendu eban, Txontxongillo Taldeagaz batera. Eta, amaitzeko, adierazo dau, bere aburuz, Enkarnik jaso leiken saririk onena euren obrak imajinau, muntau eta irudikatzen dituen ume horreek guztiek emoten deutseen irribarre eta txaloak dirala.
Manuel Lekuona Saria emoten deutson Remigio Mendibururen eskulturea jaso ondoren, Enkarni Genuak modu sortzaile eta informalean eskertu nahi izan dau omenaldia. Euskal kulturearen kate luzean bere ekarpena beste bat gehiago baino ez dala nabarmendu dau, arte eta ikerketa diziplina askotan dabizen pertsona ugari gogoan hartuz. Haren ustez, txotxongiloaren munduak, autorpen apala izaten dauenak, haize freskoa emoten deutso errelatoari eta arte eszenikoen genero hori lantzen daben danakaz konpartidu dau saria. Txirene, Txontxongillo Taldearen errepertorioko personaia, ekitaldian agertzeak kutsu espontaneo eta
dibertigarria emon deutso ekitaldiari, bertaratutako ikusleen gogobetetasun argia piztuz.
Ekitaldiari amaierea emoteko, Markel Olano Gipuzkoako Diputadu Nagusiaren txandea izan da.
Zeremonian, ikus-entzunezko labur baten proiekzinoa be izan da eta Enkarni Genuaren biografia eta bibliografia batzen dituan liburu bat banatu da, Manuel Lekuona Saria bildumako 39. zenbakia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!