'Oskar Kokoschka: Vienako errebeldea'
2023-03-17 07:53 Kulturea2023ko martiaren 17tik irailaren 3ra Bilbon.
Guggenheim Bilbao Museoak eta Parisko Musée d’Art Moderne, Paris Musées-ek Oskar Kokoschka: Vienako errebeldea aurkeztu dabe, Vienan modernidadearen aitzindari izandako artista austriarrari eskainitako atzera begirako erakusketea, Museoaren Babesle Estrategikoa dan BBVA Fundazinoak babestua. Oskar Kokoschkak (1886–1980) goiz lortu eban erantzun bikaina Vienako eszena artistikoan. Bertan, Gustav Klimten babesa jaso eta eragin handia izan eban Egon Schiele gaztearengan. Kokoschkaren ibilbidearen amaieran zabaldu zan haren ospea nazinoartean, bi mundu gerren ondoren. Bigarren Mundu Gerra azkenetan zanean, Kokoschkak Europa batu bat aldarrikatzen eban eta Neue Wilde mobimentuan —Austriako eta Alemaniako pintura barrian— arrastoa itxi eban haren obra berankorragaz. Kokoschka arlo ugaritan ibili bazan be —antzerkia, aktibismo politikoa eta idazketea— artea izan zan artistearen bizitza osoaren arlo nagusia, izan be, eten barik ibili zan eremu ezezagunak arakatzen eta corpus artistiko iraultzaile bat sortu eban aktibista politiko, arte figuratiboaren gidari eta arimen margolari legez.
Ideal klasikoak gaindituta, Kokoschkak analisirako tresnatzat erabili eban erretratuaren generoa, modeloak barruan dauen ni-a erakusteko kapaz dana.
Kokoschkaren obran irudikapenak oso modu librean egokitzen dira irudikatzen danaren formetara eta kolore puru eta distiratsuetan barreiatzen da guztia.
Kokoschka bere aparteko konpromiso bakezaleagaitik nabarmendu zan: Artistearen ustez, “artisteak alarma lez jardun behar dau”.
Komisarioak: Dieter Buchhart eta Anna Karina Hofbauer, Fabrice Hergott eta Fanny Schulmann alkarlanean.
Atontzaileak: Guggenheim Bilbao Museoa eta Parisko Musée d’Art Moderne, Paris Musées.
Babesle bakarra: BBVA Fundazinoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!