'Zetakak' poema liburua aurkeztu dau Aritz Mutiozabalek

Bizkaie! 2023-03-14 12:00   Kulturea

Maiatz argiletxearen babesari esker argitaratu dau.

Nire poesia barrua erreten deustan ezin egonaren isla da. Nire barruko oinazearen eta sufrimenduaren erradiografia. Bultzada zuri-baltzak, trantze lez kanporatuak, ordenagailuko teklak zanpatuz eta pantailan lerro minak idatziz. Holan izan da literatureagaz nahas-mahas hasi nintzanetik: Pozetik baino errazagoa jatala tristuratik edo hasarretik idaztea. Hasieran terapia moduko ariketa bihurtu neban eta pixkanaka lehiaketak, sariren bat eta lehen publikazinoak etorri ziran. Baina minak hor jarraitzen zuen, sufrimendua ene baitan zegoen: Zetaka bat neukan ariman eta poesia idatzita bakarrik ezin neban garbitu.

Bospasei urte pasatu dira ordutik eta Zetakak poemategi honetan jasotako olerkiak nire bizitzako sasoi ilun horretan idatzi nituea. Helduleku moduko zeozer izan ziran, denporalea sartzen danean, itsasontzi handien artean zelan porturatzen diran txalupa txikiak bezela. Gerora, azken urteetan, barridatzi, moldatu eta zorroztu egin ditut hasierako gehiegizko ezkortasuna eta izakera etsia zeozelan be baretzeko.

Begiak dira aldatzen ez diren
gorputzeko organo bakarrak,
garatu daiteken bakarra begi horien iragazkia da
eta jasotako irudiek utzitako zetakak

Zetakak poemearen azken zatian aitatutakoa azaltzen dot eta kontzeptu interesgarria begitandu jatan liburuari izenburua jarteko. Baina hortik harago, hasieran adierazotako geure barruko oinazeagaz eta sufrimenduagaz dau zerikusia, izan be, nahiz eta unean uneko larritasuna idazten, kirola eginez edo lagunartean garagardao batzuk hartuz iragan daiteken, zetaka edo orbana barruan geratzen da eta lantzean behin geure gomutara bueltetan da itxura ezbardinetan: Nostalgia, malenkonia, mendekua, mesfidantzea, ansiedadzea... Askotan, ganera, orbanak hazkurea emoten dau.

Zetakak uri paisajean sarri ikusten diran graffiti koloretsuak dira, hormetan agiri diran nabartu edo marguldutako pintada politikoak, obra baten ostean garbitu barik itxitako zementuzko isuriak, kontzertu nahiz ekitaldi kartelez beterik dagoan adreiluzko horma zaharra... Eta poema liburu hau hori be bada. Izan ginenaren eta egun garenaren atzera begirako bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu