Paperjale.eus jaio da

Bizkaie! 2023-03-14 09:01   Kulturea

Euskal idazle eta irakurleen topagunea da.

Proiektuak hiru helburu ditu:

1. Irakurzaletasuna sustatzea.

2. Literaturea maite daben personentzako gune segurua eskaintzea.

3. Euskal idazleentzako eta irakurleentzako Interneteko topagune bat eskaintzea.

Paperjale.eus plataformeak erabiltzaileei aukerea emoten deutse liburutegi personala online sortu eta horri eusteko, irakurketak erregistretako, liburuak puntuau eta iruzkintzeko, beste erabiltzaile batzuk jarraitzeko eta liburuen gomendioak jasoteko, baita liburuei eta literatureari lotutako gaiei buruzko eztabaidetan parte hartzeko be.

Euskerazko literaturearen bizigarri izan nahi dau Paperjalek baina edozein hizkuntzatako liburuak aitatu daitekez bertan. Hori bai, erabiltzaileek idatzitako kritikak, iruzkinak eta aitamenak gitxienez euskeraz izan behar dira eta, hola nahi dauenak, beste hizkuntza batzuk be erabili leikez.

Webguneak ez dau ezelako helburu komertzialik eta musu-truk erabili daiteke. Edozelan be, proiektua diruz edo beste modu batera laguntzeko aukerea eskaintzen jake holan nahi dabenei.

Liburuzalea bazara, zuk be emon izena Paperjale.eus webgunean.

Abaraska

Paperjale.eus martxan jarri dauena Abaraska taldea da, software librea, euskerea eta fedibertsoa sustatzen dauen euskaldun talde txikitxo bat. Euskerazko sare sozial libre eta edegi gehiago eskaintzen ditu:

Peertube.eus bideoentzako.

Pixelfed.eus argazkientzako.

Lemmy.eus foroentzako.

• Paperjale.eus liburuentzako.

Danak euskaraz, edegiak eta software libreagaz eginak. Fedibertsoaren parte diranez, webgune batekoak zein bestekoak euren artean jarraitu daitekez, baita beste sare sozial libreetakoak be (adibidez mastodon.eus).

Zer da BookWyrm?

Paperjale.eus-ek BookWyrm izeneko software librea darabil. BookWyrm Fedibersinoaren parte dan irakurketa sozialerako plataformea da. Goodreads-en (Amazonen jaubetzako plataforma zentralizatuaren) alternatiba deszentralizaua dala esan daiteke.

Plataforma librea danez, BookWyrm oso personalizagarria da eta hainbat zerbitzaritan instalau daiteke. Horrek esan nahi dau, besteak beste, erabiltzaileek kontrol handiagoa dabela euren datuetan eta Interneten aniztasuna, deszentralizazinoa eta burujaubetzea sustatzen dituala.

Paperjale berbeak euskaraz liburuzale amorratua esan nahi dau. Gaztelaniazko ratón de biblioteca, frantsesezko rat de bibliothèque eta ingelesezko bookworm edo bookwyrm- en baliokidea litzateke. Izen hau Abaraska taldeak Mastodon sare sozialean martxan jarritako prozesu parte-hartzaile baten bitartez hautatu zan.

Zer da fedibertsoa?

Fedibertsoa, hainbat protokolo libre eta edegien bidez, euren artean konektautako webguneen eta zerbitzuen sare deszentralizautakoa da. Protokolo horreek plataforma askoren arteko komunikazinoa eta alkarreragina ahalbidetzen dabe, zerbitzari zentralizatu baten beharrik barik.

Fedibertsoa erabiltzaileen aukeratzeko askatasunaren idean oinarritzen da. Beraz, hareen beharretara eta lehentasunetara ondoen egokitzen dan plataformea aukeratzeko aukerea emoten deutse. Fedibertsoa osotzen daben plataforma ezagunenetako batzuk Mastodon (Twitterren alternatiba bat), PeerTube (Youtuberen alternatiba bat), Pixelfeed (Instagramen alternatiba bat) edo gaur aurkeztutako BookWyrn dira (Googdreadsen alternatiba bat).

Laburbatuz, fedibertsoa gaur egun Interneten nagusi diran plataforma komertzialen, zentralizatuen eta pribatiboen alternatiba librea da, aniztasun eta deszentralizazino handiagoa eskaintzen dauena. Holako ingurunea sano aproposa da euskaldunontzat, gure hizkuntza ohiturak lantzen laguntzen deuskulako, euskaldunok euskaldunokaz berba egiteko aukera gehiago, webguneak eta aplikazinoak euskeraz... Fedibertsoa fenomeno barria bada be euskerazko sare sozialetan dagoeneko milaka erabiltzaile dagoz eta era guztietako erabiltzaileak topau daitekez, batez be norbanakoak baina baita enpresak, alkarteak, fundazinoak, gizarte mobimentuak, euskalgintzako agenteak, hedabideak, alderdi politikoak eta udalak be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu