Euskadiko Katualdiak I. Katu Jardunaldiak atondu ditu Barakaldon

Bizkaie! 2023-03-09 08:08   Pil-pilean

Apirilaren 1ean eta 2an izango dira.

Carlos Fernandez eta Alba Delgado | Ikusi handiago | Argazki originala

Beti izan dira katuak gizakien inguruan, hareen izakera harrapariari esker, zenbait izurrite deuseztatzen dira. Sinergia horrek, baina, arazoak eta enbarazoak dakarz. Abandonautako katuak modu okerrean bizi dira eta jente askok, errukituta, janaria emon bai eta jagon be egiten ditue, aldez aurretik kudeatu eta koordinau barik. Eta hori hirietan eta bai herrietan jazoten da.

Kontuak kontu, horretarako atondu ditu Barakaldoko Udaleko Garapen Jasangarria eta Ingurumen Naturala Arloko Zinegotzigoak Katualdiak Euskadiko lehenengo katu-jardunaldiak, BIC Bizakaia Ezkerraldean, apirilaren 1ean eta 2an.

Katuen ongizatea zertan dan ezagutarazotea da Katualdiak-en helburua, batez be kale-katuena eta katu komunitarioena: Katu-koloniak jagon eta babesteko estrategiei buruzko topagune bat, katuen, gizakien eta bioaniztasunaren arteko bizikidetzea atondu eta hobetzeko eta erakundeen, enpresen eta gizarte zibilaren arteko eraikuntza-aliantzak sortzeko.

Prestakuntza, dibulgazino eta kontzientziazino-preminea gogoan hartuta sortu da Katualdiak. Lehenengo topaketa honetan, kolonien eguneroko kudeaketearen alderdi legalak, albaitaritzakoak eta praktikoak landuko ditugu eta, horretarako, Euskadiko beste udalerri batzuetako esperientzia zehatzak konpartiduko dituen adituakaz egongo gara, baita Estaduko ganerako udalerrietakoakaz be, adierazo dau Carlos Fernández Barakaldoko bigarren alkateordeak.

Katualdiak-en, zubiak eta alkarlana eregitea da asmoa erakunde, alkarte eta herritarren artean, batzen bagara kaleetan bizi diran katuen ongizatea bermatuko dalako, gure herri eta urietan alkarregaz erraz bizi gaitezen, izan be, gure faunearen eta uri-paisajearen parte dira kale-katuak: Ohituta gagoz hareekaz biziten eta gure eguneroko bizitzearen parte dira adierazo dau Barakaldoko Udaleko Garapen Jasangarria eta Ingurune Naturala Arloko zinegotzi Alba Delgadok.

Holan, bada, apirilaren 1ean eta 2an, mahai-inguruak eta tailer didaktikoak egingo dira, BIC Bizkaia Ezkerraldean. Ikuspegi etiko eta praktikotik ardatz hartuta.

Parte-hartzaileen izenen artean nabarmendu beharrekoak dira: Mercedes Vara, FdCATSen sortzaileetako bat eta Kordobako HEAren koordinatzailea; Xabier López, Legazpiko Udaltzaingoko burua; Tania Velasco, Katu Medikuntzan akreditatua; María Gonzalez Lacabex, Animalex Animalia Zuzenbidean aditutako abokatuen bulegoko zuzendaria; edo Los cuatro de la empanadilla, estualdian diran katuak erreskatetako eta salbetako talde lez autoizentetan diranak.

Gaur egun, Barakaldoko Udalak badaki 350 kale-katu inguru dagozala eta 65 kolonia felinoren kudeaketan parte hartzen dau. Animalia horreen ongizatea gogoan, Udalak hainbat ekimen landu ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu