'Komunikabideak etorkizuna ehuntzen'
2023-03-08 11:26 KultureaTOKIKOM Jardunaldiak martiaren 24an Getxon.
2023an 10 urte bete dira euskerazko 76 toki komunikabide batzen dituan TOKIKOM taldea eratu zanetik eta urteurrena ospatzeko hurreko kazetaritzearen inguruko jardunaldiak atondu ditu taldeak. Jardunaldiak Getxoko ‘Olatua’ gurutzontzien terminalean izango dira. Lekua erreserbetako epea zabalik dago martiaren 17ra arte.
Komunikabideak etorkizuna ehuntzen lelopean, TOKIKOMek berak atondu ditu jardunaldiok, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Getxoko Udalaren, Eusko Jaurlaritzearen, Nafarroako Gobernuaren eta EiTBren babesari esker eta Uribe Kostako Hiruka komunikabidearen laguntzaz.
Hausnarketea, aldarrikapena eta jaia
Ekitaldia goizeko 09:00etan hasiko da eta hiru zati izango ditu: Hausnarketea, aldarrikapena eta jaia.
Hausnarketeari jagokonez, hiru gai nagusi landuko dira: lehenengoa toki komunikabideen demokrazia sozialaren eraikuntzan daben garrantzia izango da eta horretan sakontzeko, Britainia Handiko BBC telebista publikoaren Local Democracy Report eta Shared Data Unit esperientziak ezagutarazoko dira, korporazino publikoaren zein Erresuma Batuko toki komunikabideen ikuspegitik. Gainera, Norvegiako lekuan lekuko komunikabideen alkarteak bertako telebista publikoagaz dauen lankidetza programearen barri be emongo da; TOKIKOMek EiTBgaz batera jorratutako Saretzen egitasmoaren lehen emoitzak aurkeztuko dira.
Gai teknikoagoetan, barriz, kazetaritzea eta aisialdia izango dira beste aztergaietako batzuk: Euskal Herriko Unibersidadeko IKUSIKER ikerketa taldeko kideek Euskal Herriko gazteen eduki eta informazino konsumoen ohituren barri emongo dabe eta, gai horregaz lotuta, EiTB atontzen dabilen Primeran ikus-entzunezko plataforma publikoaren aurrerapena be ikusi ahalko da Getxon.
Gai teknikoakaz jarraituta, kazetaritzea eta digitalizazinoa be izango da berbagai. Alde batetik, UNAVeko adituen eskutik Reuters Institutuaren Digital News Report txostena aztertuko dogu eta zer dinoan mundu osoko eta Espainiako eduki eta albiste konsumo ohituren inguruan. Gainera, tokiko kazetaritzan aplikau daitekeza adimen artifizialeko tresnen aukerak eta erronkak be xehatuko ditugu.
Toki komunikabideen alkarteen manifestua
Atal akademikoa amaituta, aldarrikapenerako tartea be izango da jardunaldietan. Herrialde Katalanetako toki komunikabideen alkarteakaz batera, toki komunikabideen alkarteen manifestu bateratua sinatuko dogu Getxon, toki komunikabideen garrantzia aldarrikatzeko. 2022ko zemendian Kataluniako Premsa Comarcal alkarteak bere 40. urteurreneko ekitaldira konbidau gintuanetik, lankidetza dinamikea etenik bakoa izan da Katalunia, Valentzia, Mallorca eta Menorcako toki komunikabideen alkarteakaz eta aurrera begira lankidetza hori pausu zehatzetan gauzatzeko lehen urratsa izango da
manifestua.
Ikuskizuna eta jaia
Eguna amaitzeko, jardunaldiak TOKIKOMen urteurrenaren inguruko ikuskizun bategaz borobilduko ditugu eta ondoren alkarregaz mokaua egin eta ospatzeko aukerarik be ez da faltauko.
Informazinoa eta egitaraua hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!