Maria Goirizelaiak ikuskizun bitan lau izentapen jaso ditu
2023-03-08 10:57 KultureaBadakigu nortzuk diran Arte Eszenikoen XXVI. Max Sarietako finalistak.
Danetara, 529 ikuskizunek hartu dabe parte, horreetatik 44 azken fasean lehian dira.
Arte Eszenikoen Max Sarien batzorde atontzaileak jakinarazo ditu 26. edizioan lehiatuko diran 20 kategorietako finalistak. SGAE Fundazinoak atondutako sarien helburua Espainiako Antzerki eta Jantza profesionalen talentua bultzatzea eta saritzea da, denporaldiko ikuskizunak sustatzeaz gan.
Epaimahaiaren bilerea oraintsu izan zan eta izena emon daben 529 ikuskizunetatik 168 hautagai geratu dira. Horreetatik 44 ikuskizun baino ez dira heldu azken fasera. Finalistak, barriz, 60 izango dira.
Euskal izentapenak
Euskal protagonisten artean Maria Goirizelaia nabarmendu daiteke, ikuskizun bitan lautan finalista baita, izan be, Altsasu obrearengaitik Antzerki egiletza onenaren Max Saria eta antzerki Ikuskizun onenaren Saria irabazi leikez eta, gainera, Yerma obrearengaitik Moldaketa onenaren edo Antzerki obra koreografiko onenaren eta Eszena zuzendaritza onenaren Sarietarako izentauta dago. Horrezaz gan, Kukai Dantza da Eta orain zer? Y ahora qué? proiektuagaitik Dantza ikuskizun onenaren Saria jaso leiken taldea eta era berean, aitatutako ikuskizunak beste sari bi jasoteko aukerea izango dau: Ikuskizun eszenikorako musika konposizino onenaren Saria Pascal Gaignek jaso leike eta David Bernuések Argiztapen diseinu onenaren Saria jasoteko aukerea dau.
Beste euskal finalista batzuk be nabarmendu daitekez: Gorakada Teatroa (Ume, gazte eta familientzat ikuskizun onenaren Saria El hombre que plantaba árboles / Zuhaitzak landatzen zituen gizona obrearengaitik); Tanttaka Teatroa (Produkzino onenaren Saria Sexberdinak / Sexpiertos lanarengaitik); Iñaki Rikarte (Zuzendaritza eszeniko onenaren Saria Supernormales lanagaitik); Ikerne Giménez (Espazio eszenikoaren diseinu onenaren Saria El Cuaderno de Pitágorasengaitik); Ane Pikaza (Aktore onenaren Saria Yerma obrearengaitik).
Arte Eszenikoen Max Sarien XXVI. edizinoaren irabazleak datorren apirilaren 17an jakinarazoko ditue, Cádizko Gran Teatro Falla Antzokian egingo dan sari-banaketa ekitaldian. Aurten Cádizko Udala, Kultura eta Kirol Ministeritzea INAEM dalako Instituaren bidez, baita Eulen eta Ernest & Young erakunde eta eragileen arteko alkarlana bideratu da. Ekitaldia 20:00etan hasiko da.
Orain arte iragarritako sari bereziak bi dira dagoeneko: Tricicle taldearen ibilbidea autortu dauen Ohorezko Max Saria eta Max Sari Afizionatua edo izakera sozialekoa, abagune honetan Valentziar Erkidegoko Payasospital taldeari egokitu jakona, Sergio Clamunten eskutik sortua eta ospitale pedatrikoetan hainbat urte ibili izanagaitik emona. Lehen aldiz sarituko da Ikuslegoaren Txaloa izeneko merezimendua, epaimahai profesional batek ikuslegoaren aldetik jarraipen esanguratsu eta etenik bakoa izandako lan baten kalidade artistiko edo teknikoa azpimarratzeko.
Hiru lurralde-epaimahaiek (Madril, Katalunia eta Erkidegoak) izentautako lehen hautaketa-fasearen ondoren, lurralde-epaimahaietako hiru presidenteak, arte eszenikoetako lau persona ezagun eta Batzorde Atontzaileko kide bat izango dituan epaimahaia arduratu da Max-Cádiz Sarien XXVI. edizinoan lehiatuko diran 20 kategorietako finalistak erabagiteaz.
Finalisten zerrendea hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!