Bilboko Koral Alkarteak Valentin Maria Zubiaurreren irudia eta obrea berreskuratu ditu

Bizkaie! 2023-03-08 10:01   Musikea

La Pasión de Nuestro Señor Jesucristo Erromako Espainiako Akademian estreinauko da.

Konposatua edo sortua izan zan lekuan estreinauko da, erakundearen 150. urteurrenean Vatikanoko San Pietro Basilikan estreinau ondoren, taldeak Madrilgo Errege Kaperan, Bilbao Ars Sacrum jaialdian eta Garaiko San Juan Eleizan abestuko dau.

Italiako uribururako urtekerea Bizkaiko Foru Aldundiaren, Etxepare Euskal Institutuaren eta Erromako Espainiako Akademiaren laguntzeari esker atondu da.

Valentin Maria Zubiaurre (Garai, 1837 - Madril, 1914), aurten 150. urteurrena ospatuko dauen Espainiako Akademiaren Erromako egoitzako lehen apopiloa eta ia berrogei urtez (1875-1914) Madrilgo Errege Kaperako maisua, XIX. mendeko musikearen esparruko egile ahaztuetako bat da. Bilboko Koral Alkarteak haren obrak, batezx be erlijino-alorrekoak, berreskuratu nahi izan ditu Eresbiletik (Euskal Musikaren Artxiboa), besteak beste, La Pasión de Nuestro Señor Jesucristo oratorioa, Erromako Espainiako Akademiaren 1874an eskaini eutson bekearen truke konposatu ebana eta, bai Bizkaiko Foru Aldundiarekin bai Etxepare Euskal Institutuarekin lankidetzan, argia mende eta erdi geroago ikusiko dauena.

Partitueraren interpretazinoa, Ángel Brizek editau eta Jean Michel Olivaresek grabautakoa, Enrique Azurzak zuzendu dau, bere koralista Ana Otxoa sopranoaren, Beñat Egiarte tenorraren, Julen García eta Juan Laborería baritonoen ahotsakaz eta pianoan eta organoan Ander Marzanak eta Alberto Sáez Puentek lagunduta, hurranez hurran. Otilia Fidalgo musikologoaren esanetan (ikerketa sakona doktoretza-tesi batean jaso dau) Zubiaurrek bekea osotu ez arren, 1875eko urrian Madrilgo Errege Kaperan hasi zalako lanean, Akademian emon zituan hilabeteek -handik, gerora, Chapí, Bretón, Emilio Serrano, Cleto Zabala eta María de Pablos musikariak igaro ziran, beste askoren artean- oratorio hau itxi eben, inoiz estreinau ez zana. Zubiaurre prestakuntzearen barruan eskatzen jakon Europan zeharreko bidaian hasi zan obra hau lantzen eta Parisen amaitu eban 1874an. Atzerrian igaro zituan urteetan bereganatutako jakinduriari esker, ondo baino hobeto ezagutzen zituan Frantziako grand opera-ren konbentzinoak eta Alemaniako edo Italiako estiloa. Emoitzea antzerki-estiloaren eta erlijino-estiloaren arteko buztarketa ezin hobea da, hunkigarritasunari edo dramatismoari uko egin barik testu liturgikoa errespetetann dauen obrea eskainita. Ganera, betibe Fidalgo doktorearen esanetan, konpositorearen nortasuna hizkuntzearen hautaketatik bertatik azaleratzen da. Libretoaren testurako latina aukeratu izana deigarria da, kontuan hartuta mende haretako Europako erreferente asko herri hizkuntzan idatzita dagozala. Horrek egilearen erispide propioan oinarritutako erabagia erakusten dau, jakinaren gainean bazituala gaztelaniaz eta euskeraz be idatzitako erlijino-lanak.

Ahaztutako Zubiaurreri eskainitako omenaldia osotzeko, musika-ondarerako hain aberasgarria dan musika hau zabaltzeaz gan, harentzat oso-oso esanguratsuak ziran agertokietan egingo da, besteak beste, San Juan parrokian, Garain jaioten ikusi eban etxe parean; Bilboko BAS jaialdian, Fidalgok ondo nabarmendu bezela, musikearen mundurako ateak edegi jakozan, Nicolás Ledesma maisuaren eskutik kapera-kantari hasi zanean; Erromako Espainiako Akademian, Europari arlo barrietatik begiratzeko beharrezko ikuspegia emon eutson lekuan; eta, azkenik, Madrilen, lau hamarkadaz lanbide izan ebana Errege Kaperako maisua izanez finkatu zan urian.

Kontuak kontu, martiaren 10ean, Erromako San Pietro in Montorion, La Pasión de Nuestro Señor Jesucristo oratorioa estreinauko dau Bilboko Koral Alkarteak arratsaldeko 19:00retan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu