Silvia Pérez Cruz, Gari & Maldanbera eta Esanezin Gernikan

Bizkaie! 2026-05-21 11:21   Musikea

Datorren garagarrilaren 15ean izango da VI. Haziberri Festibala.

Haziberri festibalak ilusino handiz iragarri nahi ditu aurtengo seigarren edizinoan parte hartuko daben musikariak: Silvia Pérez Cruz kantari kataluniarra; 30 urteko ibilbidea bete dauen Gari & Maldanbera eta Esanezin musika proiektu gaztea. Hiru belaunaldi eta estilo  ezbardin baina hari komuna: emozinoak modu zintzo eta personalean transmitiduteko gaitasuna. Bakotxak bere uniberso propioa dauka, baina hirurek konpartiduten dabe musikearen aurreko begirada emozionala eta gertua. Beraz, parkean sortzen dan atmosfera intimo eta magikoagaz bat egiten dauen proposamen artistikoa.

Sílvia Pérez Cruz gaur egungo musikagintzako ahots artistiko berezi eta errespetatuenetakoa da, bai Estadu mailan bai nazinoartean be. Palafrugellen jaiotako kantautoreak urte luzez eregii dau bere uniberso propioa; etiketa artistiko guztietatik iges eginez, flamenkoa, folk mediterraneoa, jazza, musika klasikoa, fadoa edota kantautoreen tradizinoa modu guztiz naturalean buztartuz. Silviaren ahotsaren nortasuna ikaragarria da, emozinoa transmititduteko gaitasunagaz.

Haren ibilbidean sari eta autortza ugari jaso ditu, besteak beste, Musika Garaikideen Sari Nazionala, Goya sari bi eta Latin Grammy sarietarako hainbat izentapen. Musikatik harago be, sormenaren mugak eten barik zabaltzen dituan artistea da: zinema, poesia eta arte eszenikoakaz lotutako proiektuetan parte hartu izan dau, beti bere edertasunarem aurrean konpromisoa ardatz hartuta.

Haziberrirentzat ohorea da Gari & Maldanbera parkera ekartea, urtez urte batzen gabizan musikarien izenen artean egotea Gari, izan be, euskal musikan ezinbestekoen artean dago. Hertzainak taldearen ahotsak, belaunaldi oso baten soinu-bandea eregiten lagundu ostean, bakarkako ibilbidean bide personalagoa eta intimistagoa landu dau 30 urtez. Haziberriko publikoarentzat memoria kolektiboaren eta gertutasunaren arteko zubi moduko bat izango da bere kontzertua; urte askotako ibilbidea dauen artistea baina oraindino be sormen betean dagoana.

Kartela osotzeko, Esanezin izango da aurten Haziberriko ahots gaztea. Ianire Aranzabek gidatzen dauen euskerazko pop proiektuak intimidadea dau ardatz. Esanezin berbeak berak dinoan lez, esan ezin diran horreei kantetako  sortutako proiektua da. 2021ean ekin eutsen ibilbideari eta ordutik hiru lan argitaratu ditue; azkena, Hormetan Idazten. Lan barrian hormak hartu ditu abiapuntu, Ianirek maitasunaz, zauriez eta bizitearen efimerotasunaz berba egiteko espazio lez. Artistearen eretxiz, horma batean idatzitakoa efimeroa da, gu garen bezelaxe eta idea horretatik eregi dau diskoaren uniberso poetikoa.

Lankidetza sarea eta Dabid Zelaia-Zugadi

Jaialdia bai baina lankidetza sare sendoa be bada eta sare horrek egiten dau posible festibala urtez urte: boluntarioak, teknikariak, alkarteak, enpresak eta erakunde ugari batzen dira egitasmo honen inguruan, eta horreen guztien ekarpenik barik Haziberri ez litzateke posible izango.

Aurten, aitamen eta eskertza berezia egin nahi deutsagu Baserritik Gernikara alkarteari eta bertan buru-belarri lanean ibilitako Dabid Zelaiari. Haziberri sortu zanean erabagi argi bat hartu genduaen, festibala ahalik eta jasangarriena izatea eta bide horretan mila lagunentzat gure baserritarrakaz egindako jan-edan eskaintzea landu genduan. Proiektu hori posible izan da, Dabiden lanari, konpromisoari eta gertutasunari esker. Eta heren memoria geugaz gordeko dogu. Eskerrik asko guztiagaitik, Dabid; faltan botako zaitugu.

Oinarrizko informazinoa

Beste urte betez, Erronka Garbia ziurtagiriagaz lan egingo dogua, azken finean jaialdia daukagun espazio naturalera moldatzen dalako, eta ez alderantziz eta bide horretan jasangarritasunagaz lotutako hainbat neurri hartzen ditugu.

Kontzertuaren oinarrizko informazinoari jagokonez, aurten 18:00etan edegiko ditugu ateak. Lehenengo Esanezinek joko dau atsedengunean. Ondoren kontzertu guneko ateak edegi eta Gari & Maldaberak eskainiko dau zuzenekoa. Azkenik, Sílvia Pérez Cruz kantautorea izango da protagonista, jaialdiari amaiera borobila emoteko.

Sarrerak

38 euroan dagoz salgai da eta eskuragarri egongo dira haziberri.eus atarian maiatzaren 20an, 18:00etatik aurrera. Kontzertuko sarrereagaz, parkean bertan kokatutako Euskal Herria Museoa doban bisitetako aukerea egongo da, 2026eko urtea amaitu arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu