Bilboko Letren Nazinoarteko Jaialdia martiaren 8tik apirilaren 1era izango da

Bizkaie! 2023-03-07 12:24   Kulturea

Idatzi/Editau/Irakurri goiburua dakar aurtengo edizinoak.

Idatzi/Editau/Irakurri goiburua dakar aurtengo edizinoak eta Jaialdiaren hasierea baino lehenago, martiaren 17an BBK Gutun Zuria Bilbao Sariak emongo jakez Anjel Lertxundi eta Cristina Rivera Garzari.

Egungo gizartearen ezaugarri diran aldiberekotasun eta ugaritasunaren premisea hartzen dau abiapuntu eta idazketea, edizinoa eta irakurketeari begiratzen deutse baterako sormen-lan modura ulertutako prozesu beraren zati legez, praktika horreetako bat be ezin dan besteetatik bereizi.  

Holan, literaturea sortzeko, banatzeko, komuniketako eta konsumiduteko modu barriak islatzen ditu jaialdiak, prozesu literarioan asko dakiten egileen bitartez: Manuel Rivas, Gonçalo M. Tavares, Juan Pablo Villalobos edo Elvira Navarro; narratibako ahots barriak diranen kasuan be, besteak beste, Pol Guasch, Munir Hachemi, Leire Bilbao edo Sara Torres; eta Katixa Agirre edo Eider Rodriguez lako autoreak, euskal literaturearen panorama barria irudikatzen dabenak; eta Iñigo Martinez Peña, Jon Gerediaga edo Bob Pop lako autore heterogeneoek idazkerea antropologiatik, filosofiatik, psikologiatik edo interpretazinotik jorratzen dabenak. Batzuetan alkarrizketak izango dira; beste batzuetan, barriz, idazketeari eta irakurketeari musikea eta mobimentudun irudia gehitzen jakez, literatur esperientzia barriak proposatuz, berbarako, Iban Zaldua idazlearen eta Miren Narbaiza abeslariaren arteko topaketa musikatua; edo Abraham Bobaren ikus-entzunezko ikuskizuna, jaialdiari hasierea emoteko.

Horrezaz gan, Azkuna Zentroan 30 jarduera baino gehiago egingo dira, formatu askotan. Idazleakaz izandako alkarrizketez aparte, eztabaidak, tailer artistikoak, eskolako publikoagaz egindako topaketak edo narratibeagaz lotutako argitalpen-aurkezpenak eta proiektuak be egingo dira.

Gutun Zuria Bilbaok Iñaki Esteban, Ivan de la Nuez, María Mur eta Beñat Sarasolaren laguntzeagaz, baita BBK Fundazinoa, Etxepare Euskal Institutua eta Metro Bilbaoren babesari esker be egiten da.

Informazino gehiago eta sarrerak: gutunzuria.azkunazentroa.eus, Az Info: Martiaren 7tik 27ra zein liburudendAZ: Martiaren 28tik apiliraren 1era.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu