'Fosc', Javier J. Hedrosa eta Néstor García sortzaile valentziarren antzezlana Bilbon
2023-03-06 12:11 KultureaMartiaren 11n eta 12an eskainiko dabe Bilboko La Fundicion Aretoan.
Valentziarrek asmautako ezohiko proposamen honen inguruan Bilborako atondutako bersinoan dagoz parte hartzen ikusle bilbotarra; hilebete daroe konpainiagaz urrunetik lan egiten eta ikuskizunaren azken ikutuak biribilduten martiaren 9 eta 10ean aurrez aurre esmoteko lan-saioen bidez.
Antzezlana besaulki-patioan antzeztuko dabe eta ikusle laguntzaile horreetakoren batek antzezle moduan hartuko dau parte.
Fosc horretan gogoetarako galderak dira ondokoak: Antzezlan bat amaitzen danean, antzerkiaren zer zati geratzen da? Zer gogoratzen dau ikusleak? Zeozerk ixten deutso markarik? Zer da antzerkiaren magia? Sustatzaileek dinoen moduan, ikerketako eta gogoetako proiektu eszeniko horri formea emoteko, ez genduan ohiko gidoia erabiltearen alde egin. Antzerkira joaten diran ikusleen benetako bizipenak eta gomutak batu genduzan eta holan sortu zan Fosc lanaren (iluna, valentzieraz) lehenengo bersinoa, 2022ko apirilean Valentziako Espai Inestablen estreinau genduana. Ondoren antzeztu daben leku bakotxean lanaren indarraldiari eusteko asmoz, Hedrosak eta Garcíak argi izan eben antzerki-lana uri eta antzoki hartzaile bakotxeko gomuta eta bitxikeria espezifikoakaz barriro landu beharra egoala. Holan, bira neketsu bati ekin eutsen. Geldialdi bakotxean, muntaia-lana ia-ia zerotik abiatzen dabela esan daiteke.
Kontuak kontu, Fosc antzezlanaren estreinaldia martiaren 11n, zapatuan eta 12an, domekan helduko da La Fundición Bilboko aretora (estreinaldia Euskadin). Orain hilebete baino gehiago, konpainiak antzokiko ohiko ikusleak diran profil ugaritako hamar bilbotar inguru batu zituan. Ondorioz, denporatxua daroe e-posta, whatsapp, audio, testu eta bestelakoak trukatzen.
Muntaian ikusleen begiradearen garrantzia nabarmentzeko, Fosc lana zuzenean besaulki-patioan bertan garatzen da. Holan, agertokia ia hutsik azaltzen da, gomutarako eta proiekzinorako espazio legez, konpainiak azaldu dauenez; antzerki-lanetik gitxien gogoratzen doguna lanaren edukia izaten da.
Sarrerak dagoeneko salgai dagoz Kutxabank sarean online eta leihatilan, 14 euroan (+gastuak). Dana dala, online saltzen diran lehen sarreretarako 7 €-ko sustapen berezia dago. Bestalde, kargu osogarri barik eta antzerki-denporaldi honetan La Fundación Aretoan ohiko bihurtzen dagoan moduan, bertaratzen diranek garagardao-botilak izango ditue eskuragarri, Bilboko Oro markearen alkarlanari esker.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!