Muruetako Udalak udal frontoia barritua inaugurau dau

Bizkaie! 2023-03-06 07:49   Pil-pilean

Erreformaren helburua frontoian aldagelak eta zerbitzu publikoak jartea eta eraginkortasun energetikoa irabaztea izan da.

Muruetako Udalak amaitu dau herriko frontoia erabarritzeko proiektua, itxitura eta zerbitzu hobeak emoteko.

Frontoia erabarrituta, Muruetako kirol-zerbitzuaren kalidadea handitu dogu. Duda barik, kirol, gizarte, kultura eta zerbitzu-eskaintza bat atontzeko gune egokitu bat irabazi dogu eta persona guztiok horrezaz gozetako aukerea izango dogu. Ganera, herritarrek aspalditik eskatutako obra bat izan da eta benetan beharrezkoa zan herriarentzat. Frontoia erdigunean daukagun gune garrantzitsua da euria eta haizea
egiten eban egunetan ezin zana erabili. Orain, itxitureagaz, ez gara eguraldi txarrari begira egongo hainbat ekintza eta ekitaldi egiteko, kirol zein kultura arlokoak eta herriko eta eskualdeko beste herrietako bizilagunek, pelotaz gozetako ordu gehiago izango ditue, eguraldia kontuan izan barik. Beste abantaila bat da komunek kanpotik sarbidea izatea lortu dogula eta, beraz, bainu publikoen zerbitzua emongo deutso
Eleizalderi azaldu dau Muruetako Alkateak, Julen Karrionek.

Era berean, Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kirol diputaduak honako hau nabarmendu dau: Bizkaiko Foru Aldundiak, jarduera honen bidez, Busturialdeko herritarrek, oro har, eta Muruetako herritarrek kirola egiteko aukerak areagotu eta baldintzak hobetu gura ditu. Geure helburua lurraldeko kirol-azpiegituren sarea prestatzea da, kirola egin gura daben edade eta baldintza guztietako personen kirol- beharrei modu egokiagoan erantzuteko.

Orain arte udal frontoia edegia zanez, euriaren eta eguraldi txarreko egunetan erabilera mugatua izaten eban eta hau dala eta be hondatuta egoan. Instalazino honeek erabarritzeko proiektuaren barruan mendebaldeko aldea zarratzea, aldagelak sortzea (orain arte ez egoan aldagelik), eta komunak edegitea, kanpoaldetik heltzeko moduan egon daitezan. Orain, beraz, herriko plazan eta Eleizalden zerbitzu publiko barri horreek erabilgarriak izango dira.

Argiztapena be ordezkatu da, eraginkorrago eta iraunkorrago baten ordez eta, horrezaz gan, beste alderdi batzuk be hobetu dira, esaterako zorrotenak, fatxadak eta pinturea... Argiztapenari jagokonez, egungo sodio-lurrunezko luminarien ordez Led-en beste batzuk jarri dira, argi mueta hori kalidade handiagokoa dalako, ingurumenari ez deutsolako kalterik egiten eta jasangarriagoa dalako, konsumoa eta gastua murrizten ditualako.

Lanon aurrekontua 300.000 € ingurukoa izan da eta horri Udalak BFAren Herriak Egiten 2022 programako dirulaguntza bategaz eta Foru Erakundeari eta Eusko Jaurlaritzari eskatutako laguntzakaz aurre egin deutso zati batean, baita 2022ko udal-aurrekontuan esleitutako aurrekontu-partideagaz be. Udal-aurrekontuan 80.385,56 €-ko partida bat esleitu zan udal-frontoiko itxitura-proiekturako eta aldagela barrietarako. Kopuru horri Bizkaiko Foru Aldundiak Herriak Egiten 2022 programan Muruetako Udalari esleitutako 100.000€ gehitu jako. Frontoiko argien ordezkapena finantzietako, eraginkortasun energetikorako laguntzak eskatu jakozan Bizkaiko Foru Aldundiari. Era berean, frontoia erabarritzeko proiektuaren inbersinoa finantzietako laguntzak eskatu jakozan Eusko Jaurlaritzako Erein 2022 laguntza- programeari eta Herri Aministrazinoaren eta Erakunde Harremanen Foru Sailak erabilera edo zerbitzu publikoei lotutako azpiegituretarako inbersinoak sustatzeko diru-laguntzak be eskatu ziran.

Kontuak kontu, martiaren 4an, izan zan frontoi Muruetako frontoi barrituaren aurkezpena eta pelota partiduak be jokatu ziran eta Iker Aranburu Muniategi, herriko pelotariak egin eban ohorezko sakea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu