Arraunlari Beteranoen IV. Topaketeak 300 arraunlari batuko ditu Bermeon

Bizkaie! 2023-03-06 09:06   Kirola

Topaketea martiaren 18an hasiko da Beteranoen IV. Ikurriñeagaz.

Parte hartuko daben traineruak izango dira: Bilbao Arraunlari Beteranoak, Aizburua, Zumaia, Mundaka, Plentzia, Sestao, Iberia, Badok13, Itsasoko Ama, Getxo, eta Alacant. Esprint lehiaketak, sokatira erakustaldiak eta horren ostean egingo dan tiratzaile eta arraunlarien arteko desafioa eta kontzertu bat izango dira ganerako jarduerak. Topaketa honek Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bermeoko Udalaren babesa dau.

Martiaren 18an Bizkaiko Arraunlari Beteranoen Topaketearen laugarren edizioa egingo da Bermeon; bertan 300 arraunlari inguru, gizonezkoak eta emakumezkoak, batuko dira. Topaketea arraunaren tradizinoa eta euskal tradizinoan eta kulturan hain errotuta dagoan kirol honen balioak aldarrikatzeko jardunaldia da, balio horreek herritar guztientzat ikusgarri egiteko helburuari eutsiz.

Topaketa hau hitzordu finkoa eta ezinbestekoa bihurtu da beteranoen kategorian lehiatzen garen kluben eta personen egutegian. Hain geurea dan kirol hau, arrauna, praktiketako gunea da. Eta, aldi berean, lehiaketaz harago kirol hau egiten dogunon arteko hartu-emonak josteko eguna be bada. Kluben eta, era berean, lurraldeen arteko anaitasun-topagunea da adierazi dau Arraunlari Beteranoen Alkarteko (ABE) presidenteak, Jose Antonio Zubizarretak. Zubizarretak eskerrak emon deutsee Bizkaiko Foru Aldundiari, Bermeoko Udalari, Bizkaiko Herri Kirol Federazinoari, Bizkaiko Arraun Federazinoari eta Cervezas La Salve enpreseari eskaintzen daben babesagaitik eta topaketan parte hartzen daben klubei be: Horreen guztien babesik barik topaketa hau ez litzateke posible izango, bilera hau talde lanaren emoitzea dalako, traineru barruko garaipenak bezela, azpimarratu dau.

Lorea Bilbao Ibarrak, Euskera, Kultura eta Kirol diputaduak azpimarratu dau hitzordu hau kirol ekitaldi bat baino zeozer gehiago dala: Topaketa hau kirolaren balioak aldarrikatzeko modu bat da, baita geure kulturea be, arrauna kirola da baina, aldi berean, batzen gaituen zeozer da, herri lez definiduten gaituana. Gure esentziaren parte da; gure nortasun-ezaugarrietako bat da. Jagon eta eutsi beharreko aktiboa. Bilbao Ibarrak adierazo dau topaketa hau edozein edadetan kirola egiteak dauen balioa aintzatesteko modua dala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu