Georges Lacomberen digitalizautako artxiboa eskuragarri

Bizkaie! 2023-03-02 12:48   Kulturea

Danetara, 18 funts dagoz eskuragarri eta 2.000 dokumentu inguru digitalizau dira.



Euskaltzaindiak Georges Lacombe euskaltzain osoaren artxibo digitalizatua ipini dau webgunean. Danetara, 18 funts edo oinarri dagoz eskuragarri eta 2.000 dokumentu inguru digitalizau dira, euskerearen historia eta Euskal Herriko historia ezagutzeko ezinbestekoak.

Georges Lacombe euskereagaz zerikusirik eukan dokumentu danak batzen saiatu zan bizitza osoan; horretarako, bere ondasunak erabili zituan oparo. Hainbat funts artxibistiko erosi zituan, egileak hil ostean. Ondorioz, esan daiteke XIX. mendeko euskalaritzeari buruzko funts nagusietakoa batu ebala, aakaso nagusia, guztiz ezinbestekoa euskal kulturearen historia ezagutzeko. Tartean, benetako harribitxiak dagoz, berbarako, Louis Luciano Bonaparteren gutunak edo Agosti Xahoren Kantutegi ospetsua.

Maite Aristegi Olaso Torrea Fundazinoko patronatu kidea pozik azaldu da agerpenean: Egun hau zoriontsua da guretzako, fundazinoaren sortzaile izan ziran Monzon-Ganuzatarren asmoa beteten dalako, hain zuzen be, Lacombe artxiboa euskal herritarren esku jartea. Bide batez, Aristegik gogoratu dau zelan heldu ziran dokumentuak Olaso Torrera: 50. hamarkadan, Lacomberen heriotzaz jaubetuta eta bere arrebea artxibo eta liburutegia saltzeko prest egoala jakitean, Telesforo Monzonek eta Josefa Ganuzak ahaleginak eta bi egin zituen ondare hori Euskal Herrian geratzeko eta arrebeari eskatutakoa ordaindu eutsen, kilo bat urre. Ez ziran garai errazak Monzondarrentzat eta esfortzu handia egin eben. Baina euren asmoa ondare hau euskal herritarren esku jartea izan zan eta horregaitik gaur egun liburuak Euskaltzaindiaren Azkue liburutegian dagoz eta agiritegia Olaso TorreanOrain, agiritegia online jarri dau Euskaltzaindiak, Olaso Torrea eta Gipuzkoako Diputazinoaren alkarlanari esker.

Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkariak artxiboaren garrantzia nabarmendu dau baina ez hori bakarrik: Artxiboaren funts digitalak sarean jarri dira modu praktikoan eta hain zuzen hori azpimarratu nahi neuke, erabiltzaileentzat praktikoa eta atsegina baita konsultea. Gainera, Urkiak etorkizuneko
asmo batzuk aurreratu ditu: Berbaldi-sorta bat atontzea eta horregaz batera, erakusketea.

Georges Lacomberen ondarearen jaubea Olaso Torrea da, bibliotekea eta artxiboa. Biak digitalizauta dagoz eta Euskaltzaindiak jagoten ditu kopia digitalak. Papelezko originalak, ostera, leku bitan dagoz: Artxiboarenak Bergarako Olaso Torrean; eta bibliotekearenak Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka eta Artxiboan, Akademiaren Bilboko egoitzan.

Artxiboan euskalari nabarmen batzuen dokumentazinoa dago, ondoko azpifuntsetan banatua:

◦ Joanes Artxu (1811-1881) eta Thomas Doucarrou.

◦ Louis Lucien Bonaparte printzea (1813-1891).

◦ Pierre Broussain (1859-1920).

◦ Jean-Baptiste Darricarrere (1844-1928).

◦ Edward Spencer Dodgson (1857-1922).

◦ Wilhem Jan van Eys (1825-1914).

◦ Hugo Schuchardt (1842-1927).

◦ Georges Lacomberen lanak (1879-1947).

◦ Jean-Dominique-Jules Salaberri (Ibarlakoa) (1839-1903).

◦ Joseph-Augustin Xaho (1811-1858).

◦ Urtubia etxeko artxiboa (1474-1829).

◦ Julien Vinson (1843-1926).

◦ Silvain Pouvrearen lanen kopiak (ca. 1614 – ca. 1670).

◦ Bertsoak, kantak, askotariko papelak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu