Badator Bilbao Basque FEST

Bizkaie! 2023-03-02 08:47   Kulturea

Programea Bilboko Udalak egin dau eta 200 jarduera baino gehiago eskainiko ditu doban.



Aste Santuan, Bilboko 30 bat espaziotan, gastronomia, herri-kirolak, musikea edo zinemea ez dira faltauko. Jaialdiko sei gaiei esker –Gourmet, Kulturea, Musikea, Market, Zinemea eta Sport–, Bilbao Basque Fest jarduera ekonomikoko eta bisitariak urira erakarteko gune lez finkatu da. Jaialdiak hiria dinamizau eta kultura eta merkataritza-turismoa sustatzen ditu eta Aste Santuan urian geratzea erabagiten daben bilbotarrei kalidade handiko proposamena eskaintzen deutse.

Bederatzigarren edizinoko nobedade handienetako bat Azkuna Zentroko Arte-mintzaira barriak atala da. Ikus-entzunezko esperientzia berezi horren bitartez, Izar Blue konpainiak jaialdiari hasierea emongo deutso. Ganera, Gargantua jaialdian estreinauko da eta, lehen aldiz, herri-kulturearen parte dan Gaueko Festak Arenaleko Kioskoa musikaz eta energiaz beteko dau. Era berean, Bilboko Alkarte Filarmonikoak jaialdiagaz bat egingo dau, ohiko kokalekuan, eta Xabier Aburruzaga Banden kontzertua eskainiko deusku, egungo euskal folkaren erakusle gorena.

Beste alde batetik, Bilbao Basque FESTek jakin badaki ikus-entzunezkoen euskal sektorea momentu bikainean dagoala eta horri eutsiz, aurten hiru Goya sari irabazitako Cinco Lobitos filma eskainiko dau. BBK Aretoak proiekzino bat eskainiko dau egunero –eguena, barikua eta zapatua, 18:00etan–. Honako film labur honeek eskainiko dira: Maldita, Film Labur Dokumental Onenaren 2023ko Goya saria; Cuerdas, Cannes Jaialdian Kritika Astean nabarmendu eben, Montpellierreko Mediterraneo Zinemaldiko Epaimahaiaren Sari Handia irabazi eban eta 2023ko Goya sarietan Fikzinozko Film Labur Onena kategorian hautagai izan zan; eta Loop, Animazinozko Film Labur Onenaren 2023ko Goya saria.

Nobedade legez, aurten familia osoarentzako proiekzinoak egongo dira goizetan (12:00etan), euskeraz produzidutako Hooper oilaskoerbia filma emongo da.

Horrezaz gan, makinatxu bat ekitaldi izango dira apirilaren 5etik 9ra (musika, jantza eta antzerkiko 69 ikuskizun, euskal kiroleko 25 jarduera, zero kilometroko produktuak probetako 900 saio baino gehiago eta 400 tailer gastronomiko baino gehiago).

Bilboko Udalak euskerazko, gaztelaniazko, ingelesezko eta frantsesezko 15.000 informazino-liburuxka banatuko ditu, jarduerei eta ordutegiei buruzko zehetasun guztiakaz.

Edozelan be, zehaztasun guztien barri gura izan ezkero, hemen begitu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu