'Buru baten inguruan', Claudia Rebeca Lorenzoren erakusketea Bilbon

Bizkaie! 2023-03-01 07:55   Kulturea

BilbaoArte Fundazinoak 2023ko produkzino propioko lehen erakusketea inaugurauko dau.

Buru baten inguruan, 2022ko Claudia Rebeca Lorenzo zentroan bekea jaso eban artistearen lanaren barri martiaren 3tik aurrera izango dogu. Erakusketea astelehenetik barikura bisitau ahal izango da 17:30etik 20:30era martiaren 6tik 17ra. Sartzea doban.

Ilunabarrean hobeto egoten naz, goizetan argia argiegia da. Igeltsuak ñir-ñir egiten dau, ez deust ikusten ixten. Ilunabarrean lerro zuri bik zeozer topetan dabe, gizatasuna. Hazi nahi daben sasi batzuk zapaltzen dituen gorputz zatikatu bi, pena emoten deustie...

Pentsetan dot ia txoriek euren etxea eregiten daben joaten garenean, eskultura nagusian geratu dan euri-uraren hondarrak edaten dituen eta gero lo egiten daben euren zulotik sartzen diranean. Euren etxea egin leikie han, beharrezko guztia dabe.

Burua gorantz makurtu dot, ikusteko, ilunabarreko laranjea besterik ez egoan, bai, Van Goghek margotu ebana, nire gelako errezelen laranja bera bazan... Gauean bueltau nintzan, ezberdina zan, eguna argitu arte itxaron neban eta kukubilko jarri nintzan barriro begiratzeko.

Lurrean dagoan zulo bat, hilobi bat, kobazulo bat, gordeleku bat edo meteorito baten hondakinak izan daitekez.

Erakusketa honetan prozesu bi dagoz. Alde batetik, marrazki matrize batzuk oinarri hartuta egindako collage batzuk, motibo nagusi bereko aldaera-serie lez jarriak eta, bestetik, aire zabalean egin nituan lurzoruko eskultura batzuk, batzuetan lurra molde lez erabiliz eta aldakuntzearen antzera taiututen diranak. Plano desbardindu bi dagoz: hormakoa, kolorea nagusi dauena eta zorukoa, zuria nagusi dana.

Claudia Rebeca Lorenzo

Claudia Rebeca Lorenzo. Arte Garaikideko Ikerketa eta Sorkuntza Masterra egin eban UPV/EHUn 2014an. Bere prestakuntzea Kalostra arte esperimentaleko eskolan (Donostia) eta MACBAren Ikasketa Independenteen Programan (Bartzelona) egin eban, Paul B. Preciadok zuzenduta.

2022an BilbaoArten (Bilbo), 2020an Villavergerie-n (Huesca), 2019an Tabakaleran (Donostia) eta 2017an NauEstruch-en (Sabadell) izan da artista egoiliarra. Erakusketa barrienen artean, honako honeek dagoz: La piel descubierta, Art9 (Murtzia); Pastora Foley, Artiatx (Bilbo); Talud mediodía, Alondegia (Bilbo); El sentido de la escultura, Fundación Miró (Bartzelona); Pala de plata, Amadís aretoa, (Madril); Generaciones 2020, La Casa Encendida, (Madril); Su boca abierta, Rekalde aretoa, (Bilbo); BI, DOS, TWO, Azkuna Zentroa, (Bilbo); Perro dormido, IRJ, (Logroño); Cabeza frente Cabeza, Salón (Madril); La primera piedra, Hangar (Barcelona); Pliegue, Okela, Bilbo; NETA INU NI, Arizko Dorrea, (Basauri); Ertibil, Rekalde Aretoa (Bilbo); eta Call 2017, Luis Adelantado (Valencia).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu