Hamaika Telebistak azpidatziak martxan jarri ditu adimen artifiziala erabiliz
2023-02-28 12:25 Pil-pileanEuskerea ikasten dabilenari albistea jarraitzeko eta euskeraz trebatzeko tresna barria eskura jartea da asmoa.
Gaur bertan egin da egitasmoaren aurkezpena Hamaika-k egoitzea dauen Donostiako PIA eraikinean. Bertan parte hartu dabe Hamaika Telebistako Maddi Mochales barrikuntza eta teknika arduradunak eta Iñaki Uria zuzendari nagusiak; Orai NLP-tik, Igor Leturia eta Iñigo Morcillo garatzaileak eta Josu Aztiria zuzendariak.
Proiektu barri honek helburu bikotxa dau, audio bidez albistea jarraitu ezin dauenari atea zabaltzea eta euskerea ikasten dabilenari albistea jarraitzeko eta euskeraz trebatzeko tresna barria eskura jartea.
Lehen urrats batean, Hamaika-ko albisteetako off ahotsa eta protagonisten berbak agertuko dira azpidatzita, webguneko Gurean Gaur ataleko produkzinoetan, hain zuzen be. Edozelan be, aurreikusita dago sistemea webguneko zuzenekoetan edota ohiko telebistako zuzenekoetan be aktibetea. Urratsez urrats, aurrez grabautako saioetan ez eze, eduki gehiagotan be azpidatziak eskaintzeko jokerea lantzen jardungo dau batetik eta beste hizkuntzetan dagozanak euskerara ekarten be bai bestetik.
Orai NLP Teknologiak adimen artifizialeko languneak jorratu dau transkripzino eta azpidatzi automatikoak egiteko soluzino teknologiko adimenduna, berbakera-ezagutza automatiko bidezkoa. Inplementaziboa, barriz, KAM telekomunikazino enpreseak egin dau.
Hamaikaren eta Orairen ordezkariek Heraldabide eta Hiekadi proiektuen emoitza lez aurkeztu dabe egitasmoa. Euskadi–Akitania Berria–Nafarroa euroeskualdearen Hiritartasuna deialdiaren eta HAZITEK 2020 eta 2021 deialdien laguntzea izan dabe eta, horrenbestez, Euroeskualdearen eta Eusko Jaurlaritzearen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren laguntzea eta babesa eskertu dabe.
Etorkizunera begira, hainbat erronka ditu Hamaikak Orai NPL-gaz lankidetzan garatzeko. Hamaika Telebistaren eraldaketa digitala bultzatzeko eta adimen artifizialeko beste hainbat teknologia apliketako erakunde biek bide-orri teknologikoa landuko dabe, alkarlanean jarraitzeko asmotan. Hainbat aukera jarri nahi ditue martxan, besteak beste, alkarrizketak azpitituluetara ekartea, euskalkietan egiten diran hitzartzeak azpitituluetara ekartea, azpitituluak beste hizkuntza batzuetara itzultzea, audioa beste hizkuntza batzuetan be sortzea, beste hizkuntza batzuetakoa euskerara era automatikoan bikoiztea, testuetatik berba-gakoak erauztea edota laburpen automatikoak egitea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!