Miribillako Suhiltzaileen parkeak ate edegien jardunaldia egingo dau
2023-02-28 11:24 Pil-pileanDatorren zapatuan, martiaren 4an, izango da.
Pandemiaren ondoren atzera egingo dan jaieguna goizeko 10:00etan hasiko da eta 13:30era arte iraungo dau.
Horrezaz gan, Suteen Prebentzinorako Astea be egingo da, MAPFRE Fundazinoagaz eta Suhiltzaileen Profesional Teknikoen Alkarteagaz (APTB) lankidetzan egindako sensibilizazino-kanpainea.
Martiaren 8an, suhiltzaileen zaindariaren omenezko ekitaldiakaz jarraituz, ibilgailuen karrusela egingo da egun horretan uriko kaleetatik. Aurten be, Bilboko suhiltzaileek euren zaindariaren, San Joan Jainkoaren, eguna ospatuko dabe martiaren 8an.
Aurtengoa hunkigarria izango da, pandemiaren ondoren, Miribillako parkeko ate edegien jardunaldia egingo dalako barriro; instalazinoak zabalik egongo dira datorren zapatuan, martiaren 4an, 10:00etatik 13:30era, nahi daben herritar guztientzat.
Jardunaldi hori Bilboko Suhiltzaileen Kultur eta Kirol Elkarteak bultzatzen du eta San Joan Jainkoaren eguna gomutatzeko lehenengo jarduera izango da; azken ekitaldiak, ostera, martiaren 8an (eguaztena) egingo dira.
Ate edegiak
Jardunaldia herritarrentzat da, baina, batez be, suhiltzaileen parkeetan egunero egiten dan lana eta profesional horrweek larrialdi-egoerei aurre egiteko erabilten diran materialak eta ibilgailuak gertutik ezagutu nahi dituen familientzat eta umeentzat. Aukera izango da hainbat espazio bertatik bertara ezagutzeko, besteak beste, ke-galeria, mahuka bat erabilten ikasteko, kamioietan sartu eta tirolina eta autoeskalearen erakustaldietan parte hartzeko... Gainera, umeentzako hainbat jarduera eta olgeta egongo dira.
Jardunaldi berezia izango da, 2020tik ez baita egin; aurreko edizinoetan 3.000 persona inguru bertaratu izan dira.
Jardunaldiaren barruan, aurten be Suteen Prebentzinorako Asteari lotutako jarduerak egingo dira, MAPFRE Fundazinoagaz eta Suhiltzaileen Profesional Teknikoen Alkarteagaz (APTB) lankidetzan atonduta.
Sensibilizazino-kanpaina bat da (pandemiaren ostean barriro egingo dana), nork bere burua babesteko ezagutzen barri zabaltzeko herritarren artean, baina, batez be, umeen artean. Beraz, Miribillan 400 metro koadroko ebakuazino-etxe puzgarria instalauko da. Etxebizitza edo ikastetxe baten ebakuazinoa simulauko da bertan eta tailer bi jarriko dira martxan, su-itzalgailuena bata eta BBBrena bestea. Era berean, umeei prebentzino-gidak emongo jakez, lekuan bertan ikasitakoari jarraipena emon deiotsen.
Jardunaldi horri esker, jakin ahal izango da zelan sor daitekeen sutea eta zer prebentzino-neurri hartu behar diran sute hori ebitetako, bai eta zelan jokatu behar dan be.
Horrezaz gan, suhiltzaileen zaindariaren jaiak domekan, martiaren 5ean, jarraituko dau. Kirol-eguna izango da eta jaiagaz bat egin nahi daben kanpoko beste suhiltzaile-zerbitzu batzuekaz ospatuko da.
Egun honetan, goizeko 11:00etatik aurrera, Bilboko Suhiltzaileen XIX. Sariketea egingo da: 6 kilometro inguruko lasterketea Bilboko itsasadarraren ertzetan. Bilboko Udaleko langileek eta suhiltzaileen beste kidego batzuetako ordezkariek be parte hartu leikie lasterketan.
Ekitaldiak martiaren 8an bertan amaituko dira, San Joan Jainkoaren egunean. Goizeko 11:00etan suhiltzaileen ibilgailu klasikoen eta gaur egungoen karrusela egingo da. Miribillan hasi, Bilboko kaleetan ibili eta Miribillako parkera bueltauko dira.
Jarraian, omenaldia egingo jake Miribillako parkean erretiroa hartu daben suhiltzaileei: 14:00etan, lankide arteko bazkaria egingo dabe eta, ondoren, Suhiltzaileen Mus Txapelketea, aurtengo ekitaldiei amaierea emonez.
Bilboko Suhiltzaileen Zerbitzua
1884ko urtarrilaren 17an sortu eben oraingo Bilboko Suhiltzaileen Zerbitzua, baina lehenago dau jatorria, izan be, 1832an, Suteen kontrako Batzorde bat sortu eben. Batzordeko kideak Uriko korrejidorea, Udalak izentautako errejidore bi eta Elkarrekiko Aseguruetako Ugazaben Batzar Nagusiak aukeratutako persona bi ziran. 1858an, San Jose Suhiltzaileen Alkartea sortu eben eta holan hasi zan beharrean Bilboko Suhiltzaileen Zerbitzua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!